«Akordio soziopolitiko berri bat» eskatu dute euskararentzat Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio Lozano 2023ko azaroaren 4a

70.000 lagunek baino gehiagok babestu dituzte hizkuntza eskubideak, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioan. Hizkuntza politikan «jauzi bat» egiteko premia berretsi du Eskisabelek.

Euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko aldarria ozen eta sendo gorpuztu zen atzo Bilboko kaleetan: jendetza handia bildu zen Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioan. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, milaka eta milaka euskaltzalek gaitzetsi zuten azkenaldiko «olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa». Baina erasoei aurre egitea ez ezik, etorkizunera begira aurrera egitea ere galdegin zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak: «akordio soziopolitiko berri bat» eskatu zuen euskararentzat, hizkuntzak egun dituen «erronkei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak bideratzeko».

Aspaldian euskararen alde egindako mobilizaziorik handiena izan zen atzokoa. Euskalduna jauregitik abiatu zen, 17:00 aldera, eta ordurako jendez lepo zegoen ingurua, Jesusen Bihotza plazaraino. Pankartan, euskalgintzako ordezkariak, hunkituta: jendetzak txaloka hartu zituen, sakelako telefonoak eskuetan dozenaka argazki ateratzen; txistulariek Egun da Santi Mamiña doinuekin girotu zuten martxaren hasiera, eta Kale Nagusiaren espaloietan zain zeuden ehunka euskaltzaleren abaroan igaro zituen protestak lehen metroak.

Plaza Eliptikoa pasatzean ozendu ziren manifestarien aldarriak: «Hemen gaude, euskararen alde», «Euskal Herrian euskaraz» eta «Euskarari erasorik ez» oihuek hartu zuten saltoki handien ingurua; hain zuzen, euskara zabaltzea gehien kostatzen den eremuetako bat da. Eta hala, Bilboko Kale Nagusia osorik hartu zuten euskaltzaleek: 18:00 pasatxoetan manifestazioaren burua Plaza Biribilera iristen ari zenean sartu ziren martxara azken parte hartzaileak Jesusen Bihotzean. Ertzaintzak emandako datuen arabera, 70.000 lagun baino gehiago batu zituen protestak.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!