SAPERE AUDE

Egun batez laborategiko arratoi izan nintzenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain

Urte berri on, irakurle! Berandu xamar nabil, baina gaurko testuaren inspirazioa urte berriari zor diodala esan nezake. Urtarrilaren 7an bueltatu nintzen Danimarkara, bi asteko gabon luzeen ondorengo ajearekin, eta esan behar dut hegazkinek eta aireportuek pentsatzeko denbora dezente ematen dutela…

Ba al duzue ohiturarik zeuen buruekin iragan urtearen errepasoa egiteko? Eta, 2025erako espero/nahi duzuenaren inguruan hausnartzeko? Esaterako: Adimen Artifizialak lanpostua kenduko ote digu? Elon Musk-ek mundua konkistatuko ote du? Sapere Aude-rako gai interesgarriak okurrituko ote zaizkit? Pentsamendu ilun xamar hauetan nenbilela, inspirazio izpi batek 2024ko irailean bizitako esperientzia kurioso bat ekarri zidan gogora. Arratsalde batez laborategiko arratoi bihurtu nintzenekoa…

«Zehazki, lagun hauetako batek lo-ezintasuna duten pertsonentzat musika lo hartzeko lagungarria den jakin nahi du»

Beharbada aipatu dizuet Danimarkako lagun on batzuek musikak garunean duen eragina ikertzen dutela. Zehazki, lagun hauetako batek lo-ezintasuna duten pertsonentzat musika lo hartzeko lagungarria den jakin nahi du. Eta horretarako, bere esperimentuko partaideak erresonantzia magnetikoko makina batean sartzen ditu gauez, eta bertan musika ezberdinak jartzen dizkie ea lo hartzen duten ikusteko eta musika mota bakoitzak garunean duen eragina aztertzeko. Bada, neroni izan nintzen erresonantzia magnetikora musika entzun eta lo hartzen saiatzera joan zen hirugarren pertsona. Nire lehenengo erresonantzia magnetikoa Tibet-eko txirulak entzunez 45 minutuz. Garunaren aktibitatea neurtzeko, garunaren erresonantzia egiteaz gain elektroentzefalograma (EEG) bat egiteko kabledun kasko horietako bat ere jarri zidaten, nire garunaren uhinak neurtzeko. Bularrean beste hainbeste elektrodo bihotz taupaden maiztasuna, O2 kontsumoa, tenperatura, bihotzaren aktibitatea,… neurtzeko. Eta begi inguruan beste pare bat begien aktibitatea neurtzeko, honen bidez esna edo lo zauden, eta loaren zein fasetan zauden jakin baitaiteke. Kable guztiak jarri ondoren ispiluan begiratu eta inauterietarako mozorro nahiko ona neramala iruditu zitzaidan. Laborategiren batetik alde egindako subjektu esperimental bat…

Zorionez, muntaia guztiak ondo funtzionatzen zuen jakiteko esperimentu pilotua zenez, ez nuen goizeko lauretan joan behar izan. Zoritxarrez, erresonantzia-makina oso estua denez deseroso xamarra da eta ez nuen lorik hartu Enya-ren diskografia osoa entzunda ere. Eta, kaskoaren bidez garuneko uhinak detektatu ahal izateko lehenengo buruan uhin elektromagnetikoen konduktibitatea handitzen duen gel moduko bat eman behar denez, bukatu ondoren ospitaletik etxera ilea gris koloreko gomina lodi batez estalita itzuli nintzen… Hori komeriak dutxan! Baina, lagunak neurozientziari nire ekarpena etxeko pasta platerkada batera gonbidatuz eskertu zidan (italiarra da eta ikaragarri ondo kozinatzen du). Bide batez, erresonantzian gaixotasunen baten seinale izan daitekeen edozer aurkitzen badute parte hartzaileei jakinarazi behar diete, eta momentuz ezertaz abisatu ez didanez nire garuna sasoi betean dagoela pentsatuko dut…

Egia esan esperientzia oso interesgarria iruditu zitzaidan. Eta betikoa, lagun bati laguntzeko denez… behar dena. Zuek parte hartuko al zenukete? Kasualitatez, Danimarka ingurutik bazabiltzate, nire laguna parte-hartzaile berrien bila dabil…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!