SAPERE AUDE

Zelulentzat musika (eta dutxan kantatzea)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2024ko mar. 4a, 07:58

Hej igen læser! Oraindik inauterietako ajeak irauten didala uste baduzue, ez da hala… Daniera ikasten ari bainaiz. Izan ere, tesiko etapa amaitu ondoren, lehengo urrian Danimarkara etorri nintzen ikerkuntzan jarraitzeko asmoarekin, atzerrira joandako beste ikerlari askoren moduan.

Jakin-minik baduzue, zelularen oinarrizko prozesuak ikertzen jarraitzen dut, oraingoan minbizi edo bestelako gaixotasunekin harreman zehatzik gabe. Oinarrizko ikerkuntza delakoa eginez buru-belarri. Hala ere, gaurko asmoa ez da Espainiako Estatu mailan ikerkuntzan jarraitzeko atzerrira joateko beharraz eta bueltatzeko dauden finantzaketa aukera eskasei buruz hitz egitea. Inauteriak pasa berritan ez dira gai ilun eta sakonak komeni… Aldiz, hemengo lagunei esker berriki ezagutu dudan mundu bat aurkeztu nahi nizueke.

Kasualitate hutsez, orain arte Danimarkan egin ditudan lagun gehienak psikologoak dira. Eta Musika Garunean delako institutu batean egiten dute lan. Hau da, musikaren aspektu ezberdinek gure garunean zer eragin duten aztertzen dute erresonantzia magnetiko, eskaner eta abarren bidez. Eta emaitzak harrigarriak dira, gure gorputz eta garunek musikari uste baino era anitz eta zabalagoetan erantzuten baitiote musikari, bai kontzienteki eta baita inkontzienteki ere. Nire ikerkuntza-alorra neurozientzien adar honetatik urruti xamar gelditzen bada ere, jakin-mina piztu zitzaidan laborategiko nire zelulengan pentsatuta. Izan ere, musikak gure garunean horrelako eragina baldin badu, bakterioak, legamiak, landareak, laborategian hazten ditudan zelulak,… musikarekiko sentikorrak dira?

 

«Gure gorputzek eta garunek musikari uste baino era anitz  eta zabalagoetan erantzuten diote musikari»

 

Mekanobiologiak indar mekanikoek (tentsioa, konpresioa, bibrazioa...) zelulengan duten eragina ikertzen dute. Zelula guztiek indar mekanikoei erantzuteko mekanismoak dituzte, mota honetako estimuluak jasotzean aktibatu edo inaktibatzen direnak. Soinua ere talde honetan sar genezake, oinarrian bibrazio bat delako. Beraz, zelulek zuzenean musika entzun beharrean «sentitu» egiten dutela esan genezake, eta honek beraien barruan aldaketa nabarmenak eragiten ditu. Eta nola eragiten die bibrazioak? «Dantza» egitea gustuko ote dute? Zenbait ikerketen arabera, musikaren ondorioz zelulen hazkuntzan, migrazioan eta desberdintzapenean aldaketak ematen dira. Ez hori bakarrik, musikak minbizi-zelulen hazkuntzan (eta heriotzan?) ere eragina izan dezakeela dirudi! Eta «sentitutako» musika motaren arabera ezberdina da efektua, zelulentzat ere ez baita berdina Mozart edo techno gogorra entzutea. 

Oraindik musikak zelulengan duen efektua ikertzea «bitxikeria» modura ikus badaiteke ere, inplikazio garrantzitsuak izan ditzake. Laborategi-mailan zelulak musikaren bidez estimulatzeko gai izan gintezke guk nahi dugun efektua lortzeko; esaterako: gehiago edo azkarrago hazi, gehiago mugitu, hil, ama-zeluletatik zelula desberdintzatuak (hezurrak, neuronak, azala...) lortu… Zientzia-fikzioa?

Danimarkara itzuliz, hemengo laborategian heavy metal-a jartzen duen irrati-kate bat entzunez egiten dugu lan. Maiz, neronek kantatu ere (gaizki xamar) egiten dut. Lan egiten dudan zelulek entzungo ote naute? Gustatuko ote zaie? Beharbada, etorkizunean galdera hauei erantzun ahal izango diegu. Bitartean, segi dutxan kantatzen, hemengo lagun psikologoen arabera oso ohitura osasungarria baita…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!