Zurrunga sinpletik gaixotasunera

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Alzaga 2017ko uzt. 15a, 09:22

Zurrunga egile guztiek ez dute apnea, baina apnea duten guztiek zurrunga egiten dute. Horrela bukatu nuen ATARIA astekariko 695. zenbakiko artikulua. Gaurkoan, zurrunga sinpletik gaixotasunera zer ezberdintasun dagoen azaltzen saiatuko naiz. 

Ehunak oxigeno gabe geratzearekin eta denbora guztian arnas pausa horiek egitean, garuna alertan dago eta loaren kalitatea guztiz jaisten da. Jende hori sarritan, goizetan lo egin izan ez balu bezala jaikitzen da. Deskantsatu ez balu moduan. Logura handiarekin.

Eguna aurrera eramaten dute ondorengoa esanez: «Buruko mina daukat, ez dut lorik egin, leku guztietan lo gelditzen naiz eta arreta behar den lanetarako ez daukat indarrik...».

Arreta eskatzen duten lanak zailtzen ditu eta memoria arazoak sortzen ditu. Ikasteko garaian, esaterako, nekatuta dago garuna, eta ez ditu behar den moduan barneratzen gauzak. Eta arrisku bat izan daiteke. Adibideak jartzen hasita, sindrome hau duen pertsona batek arazoak izan ditzake hainbat lan aurrera eramateko orduan. Adibidez, kamioi bat gidatu behar bada ordu luzez. Ondorioz, eguneroko bizitzan eragin handia du.

Irtenbiderik bai?

Lehenik eta behin ikerketa bat egin behar da. Lehen interesatzen zitzaizkigun gauza horiek egin ezinik gabiltzala konturatzen garenean edota lekuetan lo geratzen garela konturatzean, gomendioa eskatu behar da.

Familia medikuarengana hurbildu eta zer gertatzen zaigun azaldu behar diogu. Eskalatxo batzuk daude, eta galdeketak egiten dira jakiteko zenbaterainokoa izan daitekeen somnolentzia edo lohasma hori. Eta espezialistengana bideratuko da, kasu honetan, neumologoarengana joan beharko dugu. Eskala horietan puntuazio altua bada, proba ezberdinak egiten dira. Makinatxo bidez neurtuko da arazoa, hau da, zenbat arnas geldialdi egiten ditugun eta zenbat oxigeno jaitsialdi egiten ditugun. Larrialdiaren arabera makinatxo bat jarri ohi da lo egin ahal izateko.

Haizea konprimitzen du eta maskarila bat jarriko dugu sudurrean eta haizea presio positiboarekin bidaliko du. Eta honen bidez gaixoak, etenaldia egiten duenean ez da arnasarik gabe geratuko makinatxoak sartuko diolako. 

Makina jartzearena, ordea, azken urratsa litzateke. Lehenik eta behin pisua zaindu beharko da, alkohola neurtu edo gauetan behintzat gutxiago edan beharko da. Nerbio sistemari eragiten dioten medikamentuak ahalik eta gutxien hartu, tabakoa,... Zirugia ere erabili ohi da: sudur tabike, aho sabai, amigdalak, masailezurra... konponduz.

Apnea arazoa izan gabe ere, zurrungalari handientzat ere irtenbideak egon badaude zirugia mota ezberdinekin eta horretarako ez dugu lotsarik izan behar.

Jende askok ezkutuan eraman ohi du, eta sustu bat baino gehiago pasa ostean aitortu izan du arazoa, eta horregatik komeni da aurretik joatea familia medikuarengana erremedio bila.

Emakumezkoa edo gizonezkoa izan, gorpuzkeragatik aldea badago, eta egia da gizonezkoek gehiago egiten dutela, baina behin emakumezkoak menopausian sartzean ia berdindu egiten da egoera.

Loaren kalitateaz eta deskantsatzeaz ari gara. Oinarrizkoa dena ondo ez badago, ez gara ondo ibiliko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!