Bertan, asfalto bustiaren gainean dabiltza oinak putzutik putzura, “aurtengoan ere ez omen du eta barkatu eguraldiak”. Oraindik ez dakit zer barkatu behar digun baina, tira. Eta izango zen inauteriak baino lehen bere mozorroari ondoen ematen zioten oinetakoen bila kezkatuta ibiliko zenik… Ze, pailazoek XXL zapata koloretsuak daramatzate, printzesek takoidun dotoreak… Baina ai, zuri, zer eta sagarrez janztea otuko, eta zein oinetako eraman behar ditu sagarrak? Nahastuta zenbiltzan erabat, Tolosako inauterietan printzesek, pailazoek eta baita sagarrek ere mendiko oinetakoak eramaten dituztela konturatu arte.
Oinetatik goraxeago joaten hasita, belaunetatik hasi eta sorbaldetaraino, izendatzen ere ez dakizkidan koloreen festa ikusten dut. Koloreak dantzan, saltoka, lagun eta ez hain lagunei lepotik helduta, ortzadarra bezain askotarikoa bihurtzen da kalea, eta denak du bere tokia, baita etiketarik ez duten mozorroek (ganbaran aurkitutako altxorren konposizio artistiko horiek), egunero txilaba janzten dutenek eta mozorrotu gabekoek ere. Denak daude nire argazkian. Berdura plazako txaranga-saioetan bankutik eserita soinez ez baina barrenak dantzan dituzten horiek ere hortxe daude. Eta baita inauteriak barraren bestaldetik bizi dituztenak edota halabeharrez saltzen pasa dituztenak ere.
Argazkian tokatu direnen lepo-parera iristean, ahots-kordak etengabeko dardarizoan daudela begi-bistakoa da. Eztarri urraturen bat ere tarteko, baina gogotsu dihardute kantari. Hain gogotsu, mmm, Baila Negra kantari egon behar dute, seguru. Lepoa jokatuko nuke, hala ere, gazteleraz ari direla gehienak, “Baaaila”-ren “aaa” erakusten baitute ahoek. Itxaron, hor bazterrean bada “muugi”-ren “uuu” kantari dabilen bat. Egia da aurten inoiz baino gehiago entzun dudala euskarazko bertsioa, baina ezer gutxi. Ea datorren urteko nire argazkiko gehienen ahoek “uuu” abesten duten, euskaraz izateaz gain, letra hori ohikoa baino errespetuzkoagoa ere badelako.
Polita da kantari ez daudenak irribarrez uniformatuta ikustea ere, argazkirako prestatu izan balira bezala. Benetan ondo disimulatzen dute konfetiek kolkotik sartzean eragiten dizkien kilimak eta pelukak (ezinbestean) eman behar dien azkura!
Eta gorago gorago joaten bagara, balkoi mozorrotuetatik inauteriak bizi dituztenak ikusiko ditugu eta gora gora pisu bat, bi, hiru, lau, bost, azkenean zeruraino iritsiko gara. Eta zerura begiratzean, txiiiiiss-puuuun batek egin dit eztanda irudimenean.
Kamera gorde eta hurrengo urteko argazkiaren gogoz gelditu naiz.