«Gertuko figurak bilakatzen dira»

Aizpea Zabala, Jesus Quesada eta Josune Herrero, hian justu, Aniztasunean Laguneko zenbait kidek egindako egurrezko horma-irudiaren azpian, Fleming ikastetxean. AMAIA GOIKOETXEA

Gustura boluntarioak, ikasleak eta baita Fleming ikastetxeko hezkuntza arduradunak ere.

«Boluntarioek egiten duten lana onuragarria eta lasaigarria da ikastetxearentzat, ikasleentzat eta familientzat. Eskola komunitatea garrantzizkoa da guretzako, eta komunitate hori indartzen dute», nabarmendu du Jesus Quesada Fleming ikastetxeko zuzendariak.

«Izugarri inplikatzen dira», esan du, eta gaztearengan gabeziaren bat ikusiz gero, segituan heltzen diote. «Sekulako babesa dira», deskribatu du Aizpea Zabala ikastetxeko idazkariak: «Nik tutore bezala egin ditudan urteetan hala bizi izan dut: batetik, besteak beste, hizkuntza arrazoiengatik etxean jaso ezin duten laguntza hori jasotzen dute ikasleek, eta bestetik, herriko erreferente bat daukate. Askotan lanak herriko istorioekin lotuta daude, eta hori ezin dute etxetik jaso: horregatik, boluntarioek transmititzen dutena ondare kultural handi bat ere bada». «Gure ikasleentzako gertuko figura bilakatzen dira. Herrian elkar topatzen dutenean, hor badago lotura bat; eta izugarri nabaritzen zaie. Beraien aipamen asko egiten dituzte eskolan», erantsi du Josune Herrero ikasketa buruak.

«Metodologia aldatzen ari gara pixka bat, eta egiten ari garen aldaketa horietara egokitu behar izan dute boluntarioek. Saio batzuk eskaini dizkiegu, batez ere matematikan, beste modu tradizionalago batean ikastetik datozelako beraiek; eta, egia esan, oso ondo», azaldu du Herrerok.

«Harro egoteko taldea» eta «altxor handia» dela aipatzerakoan bat egiten dute hirurek: «Ate irekietan, adibidez, beti aipatzen ditugu, herritarrek eta etortzen diren ikasleen gurasoek izan behar dute beraien berri». Zuzendariak biribildu du hitzezko lore sorta: «Fleming-kideak dira gure organigramaren barruan, eta funtsezko dira ikastetxearen martxaren barruan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!