Fleming ikastetxean lehen eta laugarren maila bitartean eskola osagarria behar duten ikasleei laguntzen diete solaskide izan diren Margari Olanok, Maribi Sarasolak, Pauli Olanok eta beren taldekideek.
Hasieran ikasle gutxiago hartzen zituzten, baina boluntarioak gehitu ahala, ikasle gehiago hartu dituzte. Apuntatuta ekarri ditu kopuruak Margari Olanok, galdetuko zitzaiola igarrita: «28 ikasle ditugu eta gu 10-15 gara». Bakoitzak bina ikasle hartzen ditu gehienez, ahalik eta arreta handiena eskaintzeko. Urtearen hasieran bilera egiten dute irakasleekin: «Orduan erabakitzen dugu eguerdian edo arratsaldean, zein taldetan jarri ikaslea». Fleming-en bertan egiten dute eguerdiko saioa eta udalak utzitako gela batean arratsaldekoa.
«Ikasleek herrian erreferente bat daukate: ikasleek izugarri eskertzen dute hori»
«Batzuk joaten dira eguerdian, beste batzuk lanean baikaude», esan du Pauli Olanok. Maribi Sarasola da eguerdian ere joaten den boluntarioetako bat. Lau urte daramatza: «Ni jubilatu nintzenean hasi nintzen. Lehen lana egiten nuen eta ez zen posible; baina banekien Margari zertan ari zen». Erretiroa hartutakoan harekin hitz egin, behar gehiago noiz zegoen galdetu eta hala hasi zen.
«Ikasturte hasieran bi ikasle hartzen ditugu, eta haiekin aritzen gara ikasturte osoan», azaldu du Margari Olanok. Horrek jarraipen estuagoa egiten laguntzen die, eta elkarren arteko konplizitatea sortzen. Gero, hiruhilabetero, ebaluazioa egiteko elkartzen dira irakasleekin. Dena den, tartean, «zerbait ikusten badugu berehala daukagu harremanetan jartzeko modua», kontatu du Margari Olanok, eta Maribi Sarasolak erantsi: «Bai, zentzu horretan harreman 'motza' daukagu».
«Aberasgarria da», deskribatu du hitz gutxitan Margari Olanok. «Ardura da, noski, baina ez da ahalegin handia. Denbora daukagu eta badakizu mundu honetan ere zerbait egin behar dela besteentzat, dena ez dela jasotzea», onartu du Maribi Sarasolak. Etxeko lanekin lagundu bakarrik ez, eta harreman politak sortzen dira beraien artean: «Ikasleek herrian erreferente bat daukate, eta eskolatik kanpo elkar ikusten dugunean agurtu eta norbait ezagutzen dute. Ikasleek izugarri eskertzen dute hori», azaldu du Margari Olanok. Fleming-eko irakasleekin beraiek ere ari dira zenbait formazio saio jasotzen; Maribi Sarasolak erakutsi dizkigu matematikako zenbait ariketa, eta ez dira ahalegin makala egiten ari.
Orain terrazan elkartu gara, ikasgelako ohiko erritmoa etenda dagoelako. Asteotan ikasleez gogoratu ote diren galdetu eta baiezkoa erantzun dute berehala: «Pila», aitortu du Maribi Sarasolak. Ikusteko dago ikasturtea nola hasiko den, eta, era berean, nola hasiko den Aniztasunean Lagun. Gogotsu daude, eta irekita dituzte ateak borondatezko gehiagorentzat: «Boluntario gehiago izango bagina, ume gehiago hartuko genituzke».