Poza, ilusioa, eta zirrara nabari ziren publikoaren artean, bostekoak eta musukorik gabeko besarkadak ez ziren falta izan Leidor antzokiaren sarreran, baina benetako poza barruan lehertu zen: Leidor abesbatza kantuaren jira-bira maite duen jendez gainezka ikustean.
Tolosako Abesbatzen Lehiaketak hainbat helbururen artean, munduko abesbatza onenak bildu eta herrialde bakoitzeko estilo, interpretazio, abesbatza literatura elkar-banatzea da, baita Euskal Herriko musika tradizioa eta kultura ezagutzera ematea ere. Horregatik, urtero-urtero euskal konposatzaile baten obra hautatu bat izaten da behartua abesbatza guztientzat lehiaketan parte-hartzeko. Hala hasi zen larunbat goizeko saioa, David Azurzak konposatutako Kolorezko Kaiola obra interpretatuz. Estoniako Musamari Girl’s Choir abesbatzak abestu zuen, T. Mee-ren zuzendaritzapean. Kostata hasi zen lehenengo abesbatza hori, baina geroz eta indar gehiago irabazten joan zen eta maila on batean amaitzea lortuz.
Jarraian, Poloniatik La Musica Choir abesbatza izan genuen, K. Filipczak-Sulimaren zuzendaritzapean. Horiek indartsu hasi eta indartsu amaitu zuten emanaldia; interpretazio bikainak egiteaz gain, begien bistakoa zen presentzia eszenikoa asko landu dutela. Ondoren, lehenengo multzoari amaiera emateko, Kataluniatik Veus- Cor Infantil Amics de la Unió izan genuen, J.V. Jover-en zuzendaritzapean. Abesbatza horrek indar handia du eta eszenografia eta koreografia oso landuekin egin zuen apustu. Simetria ardatz duten mugimenduen bidez, abestu zuten obra bakoitzari bere esentzia emateaz gain ikusgarritasuna ematea ere lortu zuten. Horregatik, publikoaren txalo zaparrada biziarekin jaitsi ziren oholtzatik.
Deskantsuaren ostean, Letoniako Riga Cathedral girl’s Choir Tiara-k, Aira Birzina-ren zuzendaritzapean, luxuzko hasiera eman zion bigarren abesbatzen multzoari, obra bakoitzaren interpretazio miresgarriak eginez. Letoniako abesbatzak publikoaren harridura eta errespetua irabazi zituen azken obrarekin eta hala jaitsi ziren eszenatokitik, txalo zaparraden artean.
Bosgarren abesbatza Asturiasko Los Peques del León de Oro izen zen, Elena Rosso-ren zuzendaritzapean. Aurretik aipatutako haur abesbatza guztien artean, abeslari gaztetxoenak zituen abesbatza izan zen. Seriotasuna zein goxotasuna transmititu zuten, baita koreografien lanketa ere, izan ere, lehiaketako gaztetxoenek interpretaturiko ia obra guztietan mugimenduak, koreografiak eta eszenografia bat agertu zuten. Haur abesbatzen saioari amaiera emateko, azkenik, Suediatik Adolf Fredrik’s Girl’s Choir izan genuen. F. Winberg zuzendariak teknika trebea eta landua agertu zuen, eta abesbatzaren maila zuzendariaren isla izan zen. Zorrotz aritu ziren neskak eszenatoki gainean, obra bakoitzaren interpretazioa xehetasunez eskainiz publikoari.
Maila altua nagusitu da aurtengo haurren abesbatza lehiaketan.
Shrabani Aranzabe, musikaria eta Musikeneko zein Musikologiako ikaslea