Gainontzekoen gisan, laranja. Izena jarri zidaten, ondo pentsatu eta gero, arrapalan, berdinak ziren horiengandik desberdindu nahian.
Arrainontziko uretan ahalegindu dira itotzen jaiotzetik soilik nireak ziren tolesturak, norberarenak ziren ertzak biribiltzen, propioak ziren ametsak hondoratzen eta goitik beherako emakume izateko errezetako osagaiak azaleratzen. Ondorioz, sortzez-garbiak egin gaituzte, birjinak (edo putak); artalde bereko arerio, beti ardi beltzari kritikan; eta era berean, onarpen bila kritiken beldurti; itzalean zoriontsu den ereduaren erreplikak egin gaituzte, gure zoriontasuna gizonak zoriontsu egitearen baitakoa dela sinetsita; edertasunaren nolakotasun zehaztu batean seriean egindako panpinak izateko nahia piztu digute eta ezin itzali gabiltza, edo nabil.
Negua eman dut sekula aitortuko ez duten baina bikini operazioan dabiltzan lau letxuga hostoko otordu eta kiroldegiko zintako hamster itxurako korrika-saioengatik tripako korapiloa ezin askatuta. Arrainontzian sartu dieten/digutenengatik baino, artaldeko ardiengatik maldizioka. Ardi beltza izan nahi, baina ezinean. Bikinia janzteko garaia heldu da eta ni aurre-operaziorik egin gabe, ardibeltz; gainontzekoen gisako ardi izan nahian, baina horretarako denbora agortuta.
Eta zuri-beltzaren afera bor-bor ibiltzen den urte sasoian, opor egunen disfrutea azal kolorearen baitan neurtzen dugun honetan irudikatzen ditut kiroldegiko hamsterrak igerilekuan, eguzkitako krema juxtu-juxtuan eta halabeharrez emanda, eguzkiaren ibilbidearen barruan toalla mugitzen, uretarako bidea korrika txiki isilean eta ahal bada inork ikusi gabe egiten, igerilekuko txanoa ez-janzteko erresistentzia konpletoan uretara sartu gabe, zintarrian eserita, aldizkarietako modeloak bezala posatzen. Imajinatzen ditut horrela besteak, eta irudikatzen naiz ni.
Berriz diot, atera nahi duen arraina naizela ni, baina arrainontziko mugetan jarraitzen dut oraindik.