Biluzik

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2018ko maiatzaren 22a

Arrain bat itsasoan lez. Ur handitan igerian. Munduratu berri, zentzu guztietan biluzik. Begiak zabal-zabalik, ezezaguna dena ezagutu nahian. Esploratzen. Guztia edan nahian, ito arte. Ilargiaren eta eguzkiaren dantzan, marearen gorabeheretan ikasten bizitzak ere joan-etorriak dituela.

Biziko dituzu olatuak, egongo zara ur-aparretan eta sentituko zara hutsal aparra bukatzen denean.

Eta ohartzerako Itsaso zabalik ez da izango. Bizitoki paregabea dirudien arrainontzi bateko arraina izango zara, arrain bat gehiago. Izango duzu harri koloretsu bezain alaiez osatutako zorua; errealak diruditen landare faltsuez atondutako ingurua; lau pareta izatetik harago, neurri-neurrira egindako luxuzko etxea.

Egongo zara bataiatuta itsasokoa ez den urarekin eta ezkonduta sinisten ez duzun sinesmenarekin. Eta, nola ez, sinestaraziko dizutela ez dela bizi hoberik, zoriontasun absolutuagorik. Zaudela egon behar zenuen kaiolan.

Jaten emango dizute, baina dositan: armairua berritzeko «gula» senti dezazun, arnasa hartzen uzten ez digun segundokako mezu olatu itogarriak erantzuteko gosea senti dezazun.

Arrainontziko hormak izango dituzu muga eta ispilu. Nerabezaroaren ikur den aknea ikusiko duzu eta gaztaroa bukatzerako helduaroko zimur naturalak ikusaraziko dizkizute. Eta noski, habi bilakatu dizuten kaiolan onartua izateko, biak ala biak ezabatzeko beharra sentituko duzu. Sentiaraziko dizute.

Arrainontziko uraren islan zure ni-aren bilaketan ariko zara baina ez zara aurkituko. Hondoratuko zaituen harri pisutsuak izango dira normak. Guztiek izango baitute matxismoaren, androzentrismoa eta heteropratriarkatuaren isla.

Eta, bat-batean, olatu batek arrainontziko hormetatik kanpo ni horren bilaketan aritzeko gakoak emango dizkizu feminismoak. Itsaso zabalaren berri emango dizu, non kaioletan hazi eta hezi ohi ditugun arrain laranjez gain, moreak, beltzak eta horiak ere badauden; handiak nahiz txikiak. Eta norberak norbera eraiki eta izan dezakeen. Libreki.

Arrainontzitik atera nahi duen arraina naiz ni.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!