Alua badu pentsatuko dugu ahula dela. Bigarren mailakoa. Itzalekoa. Zapaldua. Esanekoa. Eta hankartean zakila badu irudikatuko dugu indartsua. Lehen lerrokoa. Ahuleziak itzalean gordetzen dituena. Argitara eramaten dituenak gizontasunaren keinuak, eta sekula ez barne-barneko sentimenduak. Epaitua izan ez dadin. Gizona izan dadin.
Izenak berak itxura zehaztuko du. Eta itxurak zehaztuko du, are gehiago, gure eraikuntza. Gatz gabea zen haur eskolako ikaskidearen izen berbera badu, hau ere izango da zozoa; arauak hankazgora jarri eta lege propioak sortzen zituen jolaskidearen izena badu, hau ere izango da liderra; gizena bada gogoratuko gara argala izan arte apenas inoren errespetua izan ez zuen lagunaz, eta hau ere gisa horretakoa begitanduko dugu. Eta horrela izan Ainhoa, Imanol edo Olatz.
Beraz, ez alu eta ez zakil; ez Jone eta ez Jon. X eta Y besterik ez. Imajina dezazun hileroko testuetan arrakalak dituen aita, tolesturak dituen ama, beldurrak dituen mutil kozkorra, ausarta den neskamotza, zalantzak dituen plazandrea eta ezkutuan zer edo zer darabilen gizasemea.
Beldurra aldez aldatu dadin. Beldurra alde bakarrean egon ez dadin. Fikzioan, errealak diren beldurrak nork bere azalean senti ditzan. Bakoitzak norbera irudika dezan.
Hastera noa.