Orbelako gauak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2016ko martxoaren 17a

Olatz Artolaren azken hausnarketa Kale kantoitik atalean. Gaurkoa, larunbat gaueko 'bueltilla'-ren inguruan.

Ama, gaur bueltilla.

Hasi da tolosarron bihotzeko fonotekan dagoen kanta: Metzo Djatahren Afrika. Gure izendegian: Afrika-Afrika. Espuela poteo bihurtu eta botea hustu arte Orbelako komunetako sartu-irtenekin kolpatuta eta  joan-etorriekin atearen dantzak hoztuta gaudela, azken tragoaren bila jo dugu barrara. Egarriz-edo.  Gauaren hasieran 13 eta bukaeran 3 diren zuritoak ordaintzeko dirurik ez botean. Lagunak Perutik ekarritako diru-zorroa bai dagoela egarriz. Behin guztiona hustuta, propioa hustu.

Apa. Kaixo. Epa. Ei! barrari helduta ez bada oreka zutaberen kontra eroso jarrita dauden piromanoekin gurutzatzean. Leire! Azken hirurak... eskatu, haurrak ginenean astean zehar ere barraketan ibiltzeko baimena eskatzen genueneko tonu berdinarekin. Zuritoak eskutan, topa! We africaaaa... Eta piztu dituzte argiak.

Hurrengo goizean, ur hotzaren pean, sekula santan beteko ez dudan hitzarmena: atzokoa azkena. Baina gaurkoa bai, hau bai, kale kantoitik esango dudan azkena. Kale kantoitik atarirako bidea egiteko aukera emateagatik, eskerrik asko. Eta mila esker, lehen hitzetik azkeneraino entzun nauzuenoi.  Etxeko atarietako postontzietan ikusiko dugu elkar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!