Egiaztagiririk zailena (bi)

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran

«Lortu dugu egiaztagiririk zailena!» zioen behinola idatzitako artikulu haren lehen lerro hark ere. Orduko hartan, ikasturte amaierako Zizurkilgo ikasleei gorazarre eginez lortutako erronka politagatik. Ez baita hutsala euskaltegiko bizikidetza euskalduntzea behe mailetan. Ikastaldeko txatean bero-bero ari ginen eguerdiko ikasturte-amaierako agur-bazkarirako nondik norakoez, hain justu artikuluarekin bete-betean ari nintzela, eta... hortik gorpuztu zen izenburu bera hartu zuen lehena.

Aldi honetan berriro errepikatu da egoera. NItik GUra egin dugu salto beste behin ere; aurreko edo ondorengo orrialdeetakoren baten irakasleak nola publikatu berri baitu atari berean artikulua ikasleak ere! Zorionak. Hori bai hori egiazko (egiazt)agiria: artikulugile, alajaina.

«Ez galdetu zergatik, baina batzuei ikasturte hasieran euskaltegiko atetik sartu orduko antzematen zaie»

Nork esan behar zigun, ordea, hemen, segida emango geniola ekintza polit honi? Bada, egiari zor, banuen susmoa. Akaso, intuizioa? Ez galdetu zergatik, baina batzuei ikasturte hasieran euskaltegiko atetik sartu orduko antzematen zaie: «Itxura guztien arabera, honek lortuko du!». Ez ginen okertu oraingoan ere. Beraz, ezingo zinen, bada, besteak baino gutxiago izan? To, zuretzat bihotz-bihotzetik opari bi mila karaktere.

«Nork esan zigun erraza izango zela?» zioen, behinola, beste hark ere. Ez da xamurra, ez, badakigu, baina hizkuntzen ikasprozesuan egiteak bilakatzen du zentzuzko hizkuntza bera. Horregatik sinesten dugu AEKn eragiten duguna: euskara praktikoa da gurean. Eta, ondorioz, eroso ikasten du bertaratzen den orok.

Ez izan zalantzarik. Zainduko zaitugu orain arte bezala aurrerantzean ere. Errebisatuko dugu zuk behar adina elkarrekin testua plazaratu aurreko bertigoak bare daitezen. Izan ere, zure mezuak beti dira interesgarriak euskaltegitik kanpora ere. Ziur gaude irakurleak gozatuko duela elkarlanari esker orain segida izango duen ibilbide polit honen emaitza.

«GAI» ala «EZ GAI» epaituko dute aztertzaileek azterketariek idatzitako hainbeste eta hainbeste iritzi artikulu. Tartean zurea, baina... «Aurrera bolie!» bazion beste hark ere, zerbaitegatik esango zuen, ba.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!