Egiaztagiririk zailena

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2025eko ekainaren 13a

Zizurkilgo AEKko ikasleak ikasturte amaiera ospatzen, Altzon. M.B.

Lortu dugu egiaztagiririk zailena (halakoren batean!): Zizurkilgo AEKko gure taldean euskara hutsez bizitzea!

Horren lekukorik behinena etengabe dardarka ari den telefonoa. Izan ere, gaur dugu ikasturtea agurtzeko lehen bazkaria ikasleekin. Zehazki, (bihar) HABEren egiaztagintzako azterketaren emaitzak jakin aurretik egin nahi genuen agur bat. Gero, behin emaitzak jakinda, ez delako aldarte berdinarekin egongo taldeko giroa. Nolanahi ere, gero gerokoak. Batek daki, akaso, ospatu beharko dugu norbaitek gainditu izana, edota...

Nik ere egiaz diot, ordea: hor ari gara jo ta su! Ahozko mezuak bidali eta bidali, izerdi patsetan. B1 maila lortzeko bidean, hori da dagoen komunikazio-biderik egokiena ahozko azterketa errazenaren bezperatan entrenatzeko. Bateko, ez zegoela hiru arrandegitan erreboilorik; gutxi daudela eta hobe dugula beste arrain bat hartzea... Besteko, parrillan ez dela ondo aterako, egokiena zapoa dela...

Ezin zen bestela izan, eta eguzki egun zoragarria lagun dugu, gainera, ospakizunetarako. Altzoko Handiari egingo diogu bisita; han bizi den arabar jatorriko ikasleari. Zizurkilera etorri besterik ez du AEKn euskaraz ikasteko. Hitz eman genion ekaineko bazkaria bertan egingo genuela eta hurbilduko gintzaizkiola taldean hara: Tolosaldeko euskararen beste altzo batera.

Eta, etzi, behin egiaztagintza ofizialeko emaitzak eskuan, tutoretzak egingo ditugu banan-banan. Guztiei zorionak emateko asmoz. Besteak beste, ez delako samurra ikasturte guztian zehar, astean hiru aldiz, Atxulondo kultur etxeko 2. solairuan elkartzea gaueko lan txandaren ondotik, adibidez. Gainera, hutsegiterik gabe, konpromiso sendoz; eta hori gutxi balitz, eskola amaitu ondotik, Mintzalaguna proiektuan partaide izan dira (aurten guztiak) astez aste, ostegunez ostegun, herriko plazako terrazan.

«Hala, ttirri-ttarra, ttirri-ttarra, oinarrizko mailak ematen duen babesarekin hegan egin dezakezue gure altzotik herri guztira euskaraz»

Hala, ttirri-ttarra, ttirri-ttarra, oinarrizko mailak ematen duen babesarekin hegan egin dezakezue gure altzotik herri guztira euskaraz.

Zorionak, beraz, bihotz-bihotzez (eta begiak bete-bete) guztioi! Osteguneko tutoretzako emaitza lau haizetara zabaltzea da lerro hauetatik gure zeregina: lortu duzue egiaztagiri zailena! Bejondeizuela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!