Euskal Herria antiarrazista

Erabiltzailearen aurpegia Fatima Fernandez Bousebtaoui

Azken urteetan, arrazakeriaren eta faxismoaren gorakada nabarmendu dira. Aurten areagotu da Ceutan gertatzen ari den kudeaketagatik, baita Euskal Herrian ere. Hori dela eta, egoerak sorrarazten didan kezka adierazi nahi dut konponbidea bilatzeko asmoz.

Ceutan gertatzen ari dena da arrazakeria eta faxismoa instituzioetan eta kaleetan erabiltzen ari direla gizartea desegonkortzeko. Izan ere, askok diote gobernuak ez duela ezer egin abuztu osoan zehar, baina okerra da mezu hori. Batetik, milaka polizia eta militarrekin bete dute 12 km2-ko hiria. Eta bestetik, Ceutako gobernuak zein hedabide orokorrek lan asko egin dute: mezu arrazistak zein xenofoboak azaleratu dituzte. Horrekin ideiak legitimatu eta onartu dira, nahi eran, modu oso bortitzean esku-hartuta.

Aurretik esan bezala, Afrikako kontinentean kokatuta dagoen hirian gertatzen denak isla du Euskal Herrian ere. Handik salatzen ari dira eragile zein migratutako pertsonak, militarren eskutik gehien bat, bizitzen ari diren eraso eta jazarpenak. Gurean, Gipuzkoan, Txago eragileak jasotzen ditu Donostialdean gertatzen diren indarkeria polizialaren pasarteak Karrikaratu izeneko urteko txostenean. Era berean, ezin ditugu ahaztu azken bi gertakari larriak: lehena, irailean banku batean eserita zegoen mutil gazte magrebtar bat norbaitek etxe bateko balkoitik tirokatu zuela pistola batekin gorputzean eta aurpegian zauriak eraginda; bigarrena, Hondarribiko udaltzaingoak Babacar Welle senegaldarra erail zuen aurreko astean suzko armarekin hiru aldiz tirokatuta.

«Gurean, Gipuzkoan, Txago eragileak jasotzen ditu Donostialdean gertatzen diren indarkeria polizialaren pasarteak 'Karrikaratu' izeneko urteko txostenean»

Horrelako gertakaririk nekez gertatuko zen, ordea, instituzionalki dagozkien ardurak eta beharrezko erabakiak hartuz gero. Horren ordez, Kaleko Afari Solidarioak debekatzea erabaki dute eta aurretik Egia auzoan banatzen zituzten afariak bertan ematearen ilegalizazioa onartu zen PPk bultzatuta eta EAJk ahalbidetuta.

Gaur egun, 500 pertsona daude kale egoeran bizirauten, gehienak Donostian. Denboraldi batzuetan ikusgarriago egiten zaigu errealitate hau. Batzuek esango dute migrazio gehiago dugulako dela. Nik diot erantzun politikoaren ondorio dela. Izan ere, 2019. urtetik hona, postal hirian gutxienez bost jende-huste edo desalojotatik 300 pertsona inguru kaleratu dituzte alternatibarik gabe. Hain zuzen ere, horren lekuko da aurten Herrerako fabriketatik 250 pertsona inguru atera arazteko ahalegina. Ez da marka makala; badiote datu horiek zerbait, ezta?

Horregatik guztiagatik, lerro hauekin bukatu aurretik, gonbidapen bikoitza luzatu nahi nuke: hausnar dezagun norbanakoon ardura zein den eta antola gaitezen arrazakeriaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!