Taldeak ikerketa lana PNAS izeneko aldizkari zientifikoan argitaratu zuenean, ez zuen oihartzun berezirik izan, argitaratutako ikerketa-lan bat gehiago izan zen. Alabaina, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalak, CNIOk, emandako prentsaurrekoaren ondoren eta Barbacid jauna hedabideetan elkarrizketak egiten hasi ondoren, albisteak munduari buelta eman zion. Ikerketa saguetan bakarrik oinarrituta zegoen, eta pankreako minbizi txikiak bakarrik deuseztatzea lortu zuten, baina bazirudien pankreako minbizia sendatzeko terapia asmatu zutela. Xehetasun guztiak nahi badituzue, Ataria.eus-en topatuko duzue nire azken artikulu hori. Nolanahi ere, CRIS Contra el Cáncer Fundazioa tarteko, ikerketak egiten jarraitu ahal izateko crowdfunding kanpaina abian jarri zuten, eta 3,6 milioi euro baino gehiago lortu zituzten denbora laburrean. Zientzia-komunitatearen esparruan, aldiz, zalantza ugari agertu ziren. Sortutako ika-mikaren ondoren, PNAS aldizkariak artikula atzera botatzea erabaki zuen apirilaren amaieran. Artikuluaren hiru egilek interes-gatazka nabarmena zuten; izan ere, Vega Oncotargets enpresa pribatuaren parte ziren, pankreako minbiziaren aurkako terapiak garatzeko sortutako enpresa. Hori horrela izanik, egileek ezinbestez interes-gatazkaren berri eman behar zuten, eta argitaratutako lanean aipatu behar zuten gatazka hori.
«Argi utzi behar da horrek ez duela esan nahi ikerketa iruzurra izan denik, edo ikerketaren emaitzak egokiak ez direnik. Esan nahi dena da gauzak ez direla ondo egin»
Interes-gatazkak egotea ez da arraroa, baina zientziaren garbitasunaren alde, zientzialari orok interes-gatazka horiek deklaratu egin behar ditu argitaratzen dituen lanetan. Interes-gatazka ez zutenez deklaratu, PNAS aldizkariak artikula atzera bota zuen. Argi utzi behar da horrek ez duela esan nahi ikerketa iruzurra izan denik, edo ikerketaren emaitzak egokiak ez direnik. Esan nahi dena da gauzak ez direla ondo egin. Artikulua atzera botako zutela jakin zutenean, ikertzaileek ez zuten aipamenik egin, eta diru bilketak aurrera jarraitu zuen. Azkenean, lana atzera bota zutenean, ikertzaileek esan zuten forma-akatsa besterik ez zela izan, eta ez zirela horren kontziente izan. Barbacidek Vega Oncotargets enpresarekin zuen lotura bertan behera utzi zuen. Ikertzaileek artikulua berrikusi zuten, eta interes-gatazken deklarazioa sartuta, lana berriro aztertzeko eskatu zioten aldizkariari, zientzian ohikoa den berrikuspen prozedura egin zezatela esanez. Zientzia-lana argitaratu gabe egon den tarte horretan, CRIS Contra el Cáncer fundazioak jasotako diruarekin zer gertatuko ote zen zalantzan zegoen. Zalantza puntu bat ere bazegoen: fundazioak CNIOrentzat lan egiten duen ikertzaile bat erabili badu dirua biltzeko —alegia, diru publikoz ordaintzen den langile bat—, zalantzan jartzekoa da ikertzaile horren irudiarekin fundazio pribatu batek dirua jaso dezakeen gero enpresa pribatu bati emateko. Bide batez, minbiziaren aurkako ikerketa horien zati handi bat funts publikoz ordaindu da.
Nolanahi ere, ekainaren 3an jakinarazi dute Barbacid eta bere lankideen lana berrargitaratu egin dela, interes-gatazken deklarazioa eginda baitago. Ekainaren 5ean CRIS Contra el Cáncer fundazioak adierazi zuen bildutako diru guztia Vega Oncotargets enpresari emango diola. Edozein kasutan, denbora beharko da zientziarekiko konfiantzari eta zientziaren komunikazio egokiari egindako kaltea konpontzeko.