ZIENTZIAREN TALAIA

Pankreako minbizia eta itxaropen faltsuak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2026ko martxoaren 30a

Urtarrilaren amaieran eta otsailaren hasieran izugarrizko oihartzuna izan zuen Espainiako zientzialari-talde batek emandako albisteak. Baliteke zuk zeuk ere, ene irakurle, albistea handik edo hemendik jaso izana. Albisteak zioenez, pankreako minbizia sendatzea lortu zuten. Alabaina, irakur dezagun letra txikia zientziaren komunikazio egokiaren ikuspuntutik.

Lehenik eta behin: zer zioen albisteak? Hedabide askotan, tartean Espainiako telebistako entzule kopuru handienetakoa duen programan, «mirariak» edo «minbiziak sendatzea» bezalakoak aipatzen ziren arren, zientziaren pausoak ez dira hain handiak izaten. Goazen hasierara. Urtarrilaren amaieran Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalak, CNIOk, emandako prentsaurrekoan, azaldu zuten Mariano Barbacid biokimikariaren taldeak zenbait sagutan pankreako minbizia deuseztatzea lortu zuela. Horretarako terapia hirukoitzaren estrategia erabili zuten, hau da, minbizia hiru leku desberdinetatik erasotzea. Kontuan hartu behar dugu oraingoz esperimentuak laborategiko baldintza kontrolatuetan bakarrik egin direla, gizakiongan probarik ez dela egin, eta pankreako minbizi txikiez bakarrik ari garela.

Bigarrenik, ulertu behar dugu pankreako minbiziak interes berezia pizten duela; izan ere, ezagutzen dugun minbizi motarik arriskutsuenetakoa da. Hasierako etapan minik ez duenez eragiten, normalean berandu diagnostikatzen da, eta beste organo batzuk ere kaltetuta egoten dira. Operatzeko minbizi konplexua da, oso erresistentea, eta horregatik guztiagatik minbizi hilgarrienetakoa da. Pankreako minbiziaren bost urteko biziraute-tasa % 13koa da. Aldiz, beste minbizi mota batzuen kasuan tasa hori % 80koa edo altuagoa izan daiteke.

Hirugarrenik, albistearen atzean egon diren interesak ere aipatu behar dira. CNIOren prentsaurrekoan CRIS Contra el Cáncer fundazio pribatuaren irudia modu nabarmenean ikusi ahal izan zen. Hori ona da, eta azpimarratzekoa da horrelako fundazioek egiten duten lana, baina ez dugu ahaztu behar funts gehienak jatorri publikokoak izan direla. Edonola ere, prentsaurrekoaren ostean, entsegu klinikoak hasi ahal izateko crowdfunding kanpaina abian jarri zuten, eta berehala 3,5 milioi euro baino gehiago lortu zituzten. Poztekoa da hori lortu izana, baina, zalantzak sortzen dizkit horrelako ikerketa bat egin ahal izateko crowdfunding kanpaina bat egin behar izatea. Garrantzitsua da azpimarratzea, oro har, Barbacid ikertzaileak ondo neurtu dituela bere hitzak hedabideetan, baina sarri askotan hitz horiek ez dira ondo interpretatu. Horren adibidea da, esaterako, The Times of India egunkarian —milioika irakurle dituena—, hauxe argitaratu izana: espainiar zientzialari batek pankreako minbizia sendatzea lortu du. Hori oso urruti dago errealitatetik, jakina.

«Horrelako albisteek gizarteak zientziarekiko mesfidantza izatea sor dezakete eta, guztiaren gainetik, gaixoei itxaropen faltsuak eman»

 

Zientzia-komunitateak ez zuen horrelako sentsazionalismoarekin erantzun; izan ere, ikerketa-taldearen lana 2025eko azaroan argitaratu zen —prentsaurrekoa baino bi hilabete lehenago—, eta lan horrek ez zuen arreta berezirik izan. Hain zuzen, antza denez, PNAS aldizkarian argitaratu aurretik Nature aldizkari entzutetsuak ezezkoa eman zion Barbaciden artikulua argitaratzeari. Hori ez da, berez, artikuluaren kalitatea zalantzan jartzeko arrazoia, baina bai ikerketa horren emaitzak bere neurrian hartzeko beharraren erakusle. Horrelako albisteek gizarteak zientziarekiko mesfidantza izatea sor dezakete eta, guztiaren gainetik, gaixoei itxaropen faltsuak eman. Poztekoa litzateke Barbaciden taldearen entsegu klinikoek modu arrakastatsuan aurrera egitea, baina ordura arte itxaron egin beharko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!