Itxialdiaren momentu gogorrenetan geundenean esan nuen datuak behar genituela egoerari aurre egin ahal izateko. Orain badakigu 230 hildako horiek baino askoz gehiago izan zirela. Orain, PCR eta test eraginkorrak ditugu, txertaketa kanpaina martxan dago eta gakoa den momentuan gaude: kasuen egonkortzearen edo laugarren olatuaren atarian gaude.
Hirugarren olatua amaierara iristen ari da. Hitz hauek idazten ditudan unean (martxoak 1), Tolosako hamalau eguneko intzidentzia tasa 139 da, Tolosaldekoa 185 ingurukoa, Gipuzkoakoa 188 (abuztu amaieratik ez da 200etik jaitsi) eta EAEkoa 255. Guztien joera, oro har, otsail guztian zehar beherakorra izan den arren, gorakada eta beherakada puntualak tentuz hartu behar dira. Intzidentziaren bilakaera zerra baten hortzen modukoa izatea zentzuzkoa da. Hortz horien gorakada eta beherakada puntualak baino gehiago, zerra gorakorra edo beherakorra den aztertu behar da. Intzidentzia tasaren funtsa ulertzea ere garrantzitsua da. Adibide gisa Tolosa hartuz, 72ko intzidentzia tasak adierazten du azken hamalau egunetan hamalau positibo egon direla, alegia, hamalau pertsona daudela herrian birusa kutsatzeko gai direnak.
Ondo bidean, martxoaren 9ko Tolosako intzidentziak beherakada txikia izan dezake (otsailaren 22 eta 23ko zortzi positiboak tasatik kanpo geldituko direlako), baina, kasurik onenean ere martxoaren 15a pasa arte intzidentzia 80-90etik jaistea zaila izango da. Gipuzkoako intzidentziaren kasuan, gaur (martxoak 5) intzidentziaren beherakada nabarmena ikusi beharko genuke, baina, hurrengo egunetan gorakada txiki edo egonkortzea gertatzea da probableena. Indikatzaile gehienak murrizten joan dira, baina, murrizketa hori geroz eta motelagoa da. Edozein kasutan, gakoa den unean gaude. Hemendik aurrera bi agertoki posible daude gure aurrean. Alde batetik, positibo berrien beherakada mantsoak jarraitu dezake, nolabaiteko egonkortzera iritsi arte. Argi dago murrizketaren erritmoa ez dela orain arte bezalakoa izango, baina, erritmo motelagoekin jarraituta ere, demagun eguneroko kasu positiboen %2-%4 arteko murrizketa konstanteekin, hilabete honen amaieran EAEko eta Tolosaldeko intzidentzia tasa 100 azpikoa izan daiteke eta Tolosakoa 60 baino txikiagoa eremu berdeari dagokiona, beraz. Horiek aurreikuspen nahiko optimistak lirateke, baina, errealak higiene eta babes neurriekin orain arte bezala jarraitzen badugu. Bigarren agertoki posiblea laugarren olatuaren atarian egotea da. Agertoki horretan egongo gara birusaren aldaera kutsakorragoak gailentzen badira, txertaketa motela bada edota birusaren aurkako neurriak erlaxatzen baditugu. Kasu horretan, oraintxe geundeke positibo kopuruaren minimoetara iristear eta laster, martxoaren erdialdean edo apirilean, kasuen gorakada hasiko litzateke, hurrengo hiru edo lau hilabeteetan zehar laugarren olatua ekarriz. Bigarren agertoki honetan, noski, erabakigarria da Aste Santuan gertatzen dena Gabonetan gertatu zen bezala, txarrerako.
Neurri handi batean, gure esku dago agertoki batera edo bestera joatea. Orain da momentua. Zirt edo zart.
Neurri handi batean, gure esku dago agertoki batera edo bestera joatea. Orain da momentua. Zirt edo zart. Birusa inguratzen ari gara, hesitzen eta estutzen. Orain kurba bere minimoetara eraman behar dugu, SARS-CoV-2aren punturik ahulenaz baliatuz: kutsagairik ez badago, ezin da hedatu. Gozoki tentagarria da ondo goazen momentuan erlaxatzea, baina, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da tinko eustea.