Koronabirusa

[Iritzia] COVID-19: Benetako datuen beharra

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2020ko mar. 27a, 16:52

SARS-CoV-2 birusaren pandemiari aurre egiten saiatzen ari garen honetan, ezinbestekoa da errealitatearen analisi zorrotza egitea. Horri esker lortuko dugu beharrezkoak diren neurriak hartzea, bai norberak eguneroko bizitzan har ditzakeen erabakien kasuan, baita Administrazioak hartu behar dituen neurrien kasuan ere. Momentuz, ez daukagu hain beharrezkoa den errealitatearen ikuspegi hori.

Hau idazten dudan unean eskuragarri dauden datuen arabera, Euskal Herrian 5.373 gaixok eman dute positibo eta 230 dira hildakoak. Espainian, aldiz, 64.059 positibo eta 4.858 hildako daude. Datu horien arabera Euskal Herrian %4,3ko hilkortasun-tasa legoke eta Espainian %7,6koa. Bi datu horiek ez dute zentzurik, orain arte dakigunaren arabera. Hain zuzen ere, SARS-CoV-2 koronabirusaren hilkortasuna txikiagoa dela jakina da. Oraindik oso goiz da datu zehatzak emateko, baina, Osasunaren Mundu Erakundeak OMEk esan duenaren arabera, %0,7 eta %3,4 artekoa da hilkortasuna. Gripe arruntaren hilkortasuna %0,05 eta %0,1 tartean dago, esaterako.

Zer dago gure inguruan ditugun hilkortasun datu altu horien atzean? Jakina, kutsatuta dauden gaixoen kopurua zentzurik gabe gutxiesten ari garela. Pentsatu dezakegunez, sintoma arinak dituzten gaixoei ez zaizkie birusaren testak egiten. Horrexegatik, koronabirus honek ez du hiltzen pentsatzen duguna bezainbeste, baina, uste duguna baino askoz errazago eta azkarrago kutsatzen da. Datu ofizialak ez dira zuzenak (positibo eman dutenak eta kutsatuta daudenak bereizten ez badira behintzat) eta birusaren hedapena uste duguna baino handiagoa da.

Litekeena da Espainiako kutsatuen kopurua milioi erditik gertu egotea. Hori argudiatzeko Sevillako Unibertsitateko Matematikako Institutuko blogean datu zehatzak erabili dira. Kalkulu horiek egiteko, hori bai, adin tarteen araberako kutsatuen eta hildakoen kopuruak behar dira. Datuen tratamendu matematikoak erakusten du kasu baieztatuen eta kasu errealen arteko aldea nahiko handia dela. Gutxi gorabehera, kasu errealen kopurua lau edo zortzi aldiz handiagoa izan daitekeela jotzen du Antonio J. Durán Matematika katedradunak. Madrilen, COVID-19 kasu gehien dituen erkidegoan, gainera, jarraibide berriak eman dira eta litekeena da hemendik aurrera positiboak izango ziren hainbat kasu estatistikatik kanpo geratzea.

Ez da kalkuluak egin dituen aditu bakarra. Dagoeneko argitaratu diren ikerketen arabera, Espainian 780.000 kasu egon litezke (martxoaren 25eko datua). Ikerketaren arabera, Espainiak COVID-19a detektatzeko tasarik baxuenetakoa du, %5 ingurukoa eta, hortaz, benetako kasuen kopuruak milioi erdia gaindituko luke. Kalkuluak egiteko modu desberdinak daude, hipotesi desberdinak  planteatu direlako, baina, argi dagoena da balioespen kontserbadoreenek ere gutxienez 150.000 kasu baino gehiago aipatzen zituztela (martxoaren 25ean).

Italiako kasuan ere, antzekoa gertatzen ari da. Martxoaren 24an, datu ofizialek 63.000 kasu positibo zeudela zioten, baina, kasu errealen kopurua 600.000 ingurukoa izan zitekeela jakinarazi zuten. Horrek esan nahi du, gutxi gorabehera, kasu baieztatuak baino hamar aldiz gehiago direla benetako kasuak. Kasu errealak jakitea, jakina, ez da erraza, baina, Administrazioek ez dute hitz egiten benetako kasuen kopuruaz, balioztapen matematikoak izanik ere (argi dago benetako kasuak zehazki zenbat diren jakitea ezinezkoa dela). Pandemiari eta birusari aurre egiteko test gehiago egitea beharrezkoa da, baita sintoma arinak dituzten gaixoen kasuan ere. Errealitatearen analisia egiteko ikuspegi osoa izan behar dugu eta datu guztiak ezagutu behar dira, bestela, itsu-itsuan arituko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!