Zientziako emakume eta neskak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2021ko ots. 11a, 09:41

Gaur, otsailak 11, Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna da. Agenda 2030ean jasotako Garapen Iraunkorrerako Helburuak betetzeko asmoz Nazio Batuen ekimenez 2015etik izendatutako eguna. Egun honetan emakume eta neskek zientzian erabateko eta bidezko parte hartzea izatea aldarrikatu nahi da. Aldarrikapen hori ikusgai bihurtzeko asmoz, gaur hainbat ekintza jarriko dira martxan.

Aurtengoan, gainera, pandemia dela-eta emakume zientzialarien egoera bereziki kaltetu da eta dagoeneko zenbait ikerketek hori frogatu ahal izan dute. Azken urteotan zientzia-komunitatea zenbait esfortzu egiten ari den arren, argi dago oraindik ez dela lortu egun hau kendu behar izatearen helburua. Oraindik ere, asko dira emakumeak zientzian erabat aritzea eragozten duten mugak. Adibide sinple gisa, hausnartzeko modukoa da Nobel saridunen gehiengoa, gehiengo zabala gainera, gizonak izatea. Argi dago zientzialariok zor historiko handia dugula emakume zientzialariekin. Horrek, zalantzarik gabe, etorkizuneko zientzialariak izan daitezkeen neskei erreferente eta eredu gabezia handia ekarri diela. Errotuegia dagoen zientzialariaren estereotipoa (gizon, zuri eta buruargia) iraultzea ezinbestekoa da zientzian ere genero parekidetasuna bermatzeko.

Zientzian interesa duten neskek dituzten erreferente eskasei konponbidea emateko bideetako bat eskolako zientziari genero ikuspegia ematea da eta txikitatik erreferente mota guztiak aztertzea, normaltasunez. Ikuspuntu historikotik, gizonak nagusitu dira ikusgarria den zientziaren alor gehienetan eta haiek jaso dute aitorpen guztia, emakumeen lana ezkutatu egin den bitartean, baina, badira historian zehar aitorpen falta izugarria izan duten emakume zientzialari asko eta asko.

Gaur, otsailak 11, emakumeek zientzian egin duten lana azaleratzeko hainbat egitasmo egingo dira, eta horietan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztet. Aipatzekoa da, esate baterako, emakumeakzientzian.eus-etik antolatu duten otsailerako programa eta Elhuyarrek proposatutako ekintzak. Urte osorako proposamen gisa, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con ciencia blogak egiten duen lana ere azpimarratu nahi nuke gaurko egunean.

Oraindik asko dago egiteko eta ikerketak berak ere beste modu batera planteatzeko beharra dago. Zor historikoa guztiz kitatzea ezinezkoa izango den arren, pertsona guztiak zientziara modu parekidean hurbiltzeko ahalegin guztiak egin behar dira. Eskolatik landuz, hedabideetan merezi duten protagonismoa emanez eta erreferente historikoak azaleratuz, lortuko dugu. Lortu behar dugu; izan ere, zientzia ez da zientzia izango emakumeek egindako zientziarik gabe.

#otsailak11

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!