Azken urteotan, nazioarteko komunitatea zenbait esfortzu gutxi egiten ari da emakumeek eta neskek zientzian parte har dezaten, baina, oraindik ere, asko dira emakumeak diziplina honetan erabat aritzea eragozten duten mugak. Zientzian ere genero parekidetasuna bermatzea ezinbestekoa da zientziak aurrera egin dezan, zientzia gizateriaren ondare preziatuenetakoa baita. Hala ere, emakumeek eta neskek hainbat muga gainditu behar dituzte arlo zientifiko eta teknologikoetan. Zenbait kasutan muga horiek meheak edo ikusezinak diren arren, epe luzera eragin izugarria izan dute zientzian emakumeek izan duten presentzia eskasa ulertzeko.
Deigarria da jakitea zientziarekiko zaletasunean umetatik agertzen direla genero desberdintasunak. Horren azalpena hezkuntza sisteman edo gizartearen beraren estereotipoetan egon liteke, baina, argi dagoena da neskek mutilek baino neurri txikiagoan aukeratzen dutela zientziarekin edo teknikarekin lotutako formakuntza. 2010eko datuen arabera, emakumeek unibertsitate-tituluen %60 lortzen dituzte, baina, zientzia-arloan, ingeniaritzan eta konputazioan %43, %32 eta %21 bakarrik dira, hurrenez hurren.
Joera horiek azaltzeko arrazoiak asko badira ere, bat azaldu nahiko nuke: zientzian interesa duten neskek dituzten erreferente eskasak. Eskolan eta hedabideetan zientzialari ezagunak edo ospetsuak aipatzen direnean, ia guztiak gizonak dira. Ziur asko, ezaguna den emakume zientzialari bakarra Marie Curie da. Emakumea izanik, gogoratua izateko lan izugarria egin behar izan zuen arlo desberdinetan bi Nobel sari lortu zituen lehen pertsona izan zen. Ikuspuntu historikotik, gizonak nagusitu dira ikusgarria den zientziaren alor gehienetan eta haiek jaso dute aitorpen guztia, emakumeen lana ezkutatu egin den bitartean. Esaterako, hausnartzeko modukoa da Nobel saridunen gehiengoa gizonak direla guztira, 844 gizon eta 49 emakume. Argi dago zientzialariok zor historiko handia dugula emakume zientzialariekin. Historian zehar emakume zientzialari garrantzitsu askok izan duten aitorpen falta izugarria izan da. Gizonak izan balira, izen guzti hauek ezagunak izango zitzaizkizuen: Ada Lovelace, Barbara McClintock, Bodil Schmidt-Nielsen, Caroline Herschel, Dorothy Hodgkin, Gertrude Elion, Henrietta Leavitt, Ida Noddack, Jocelyn Bell Burnell, Laura Bassi, Lisa Meitner, Maria Agnesi, Rachel Carson, Rita Levi-Montalcini, Rosalind Franklin, Vera Rubin. Horietako zenbat ezagutzen dituzu, ene irakurle? Bada, zientzia aldatu dute haien ekarpenekin.
Azken urteotan, pixkanaka bada ere, emakumeek zientzian egin duten lana azaleratzeko egitasmoak martxan dauden arren aipagarria da EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con Ciencia bloga, oraindik asko dago egiteko. Zor historikoa guztiz kitatzea ezinezkoa izango bada ere, mutilak eta neskak zientziara modu parekidean hurbiltzeko ahalegin guztiak egin behar dira. Emakume zientzialariei komunikabideetan eta hezkuntzan protagonismoa ematea ezinbestekoa da, eta baita historian zehar zientziari ekarpen garrantzitsuak egin dizkieten erreferenteak azaleratzea. Izan ere, zientzia ez da zientzia izango emakumeek egindako zientziarik gabe.