Aurrekontuaren aurka bozkatu du Irurako EAJk

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 17a, 13:05

Aurrekontu proiektuan txertatzeko 4 proposamen egin zituen alderdi jeltzaleak eta EH Bilduren udal gobernuak bakarra onartu du. "Gainerako proiektuak aurrekontuan txertatzeko ahaleginik egin edota urtean zehar horiek garatzeko konpromisorik hartu ez duenez", EAJk ezezko botoa eman dio aurrekontuari.

EAJren udal taldek udal gobernuaren aurrekontu proiektuaren aurka bozkatu zuen abenduaren 16ko osoko bilkuran. Herritarren eskaera eta beharrei erantzunez lau proposamen "zehatz eta errealista" aurkeztu zituen alderdi jeltzaleak 2022ko aurrekonturako. Proposamen bakarra onartu du udalbaltzak. "EH Bilduren gobernuak ez du borondaterik izan proposamenak aurrekontu proiektuan txertatzeko. Proposamen egingarriak aurkeztu ditugu; udal gobernuak begi onez ikusi ditu guztiak, baina soilik proposamen bat txertatu dute aurrekontuan; elkarlanerako borondate errealik balego, gainerakoak ere txertatuko lituzkete", esan dute EAJtik.

Bizikletak konpontzeko gunea sortzeko proposamena jaso dute 2022ko aurrekontuan. "Ibilgailu elektrikoen kargarako puntuari dagokionez, foru aldundiarekin elkarlanean proiektu bat lantzen ari direla jakinarazi digute; gobernuari eskatzen diogu, proiektuaz baliatu dadila, benetan, mugikortasun eredu jasangarriagoak herrian sustatu eta errotzeko".

Gainerako bi proposamenak –Kaskailu plazako jolastokia eta komun publikoak Ibaiondo pasealekuan– baztertu egin ditu udal gobernuak. Jeltzaleen ustez lehentasun eta borondate kontua da proposamenak aurrekontuan txertatzea, gerakinak erabili daitezkeelako bi proiektuak gauzatzeko: "Gerakinetatik, azaroan, 271.000 euro erabiltzea onartu zen, besteak beste, 75.000 euro udaletxea berritzen den bitartean erabiliko diren lokalak egokitzeko, eta 94.569 euro udaletxea berritzeko aurrekontuari gehitzeko, hau da, EAJ-PNVk aurreko legealdian garatutako eta EH Bilduk hainbeste kritikatu zuen proiektua gauzatzeko; eta egoki ikusten dugu hori. Baina gauza bera egin daiteke Kaskailu plazako haur jolastokia berritu eta Ibaiondo pasealekuan komun publikoa jartzeko, egingarriak direlako bi egitasmoak; baina gobernuak ez ditu ez aurrekontu proiektuan jaso nahi izan eta ez du ezta ere, urtean zehar, kreditu aldaketa bidez, horiek gauzatzeko konpromisorik hartu, beraz, ezin dugu gobernuaren aurrekontu proiektua babestu”. 

EAJko kideek, edonola ere, oposizio "eraikitzailea" egiten jarraituko dutela jakinarazi dute, "herriarentzat eta herritarrentzat onuragarriak diren proposamenak eginez eta adostasunak bilatuz".

  1.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!