EAJk aurrekontu proiektua "hobetzeko eta aberasteko" proposamenak aurkeztu ditu

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 14a, 12:59

Irurako EAJren udal taldeak, besteak beste, bizikletak konpontzeko gune bat sortzea, ibilgailu elektrikoen kargarako puntua ezartzea, Kaskailu plazako haur jolastokia berritzea, eta Ibaiondo pasealekuan komun publikoa jartzea proposatu du.

Irurako udal gobernuari hainbat proposamen "zehatz eta errealista" aurkeztu dizkio EAJko udal taldeak, 2022ko aurrekontu proiektua "hobetzeko eta aberasteko" helburuarekin. "Beti egin dugu lan eraikitzailea, proposamenetan oinarritutakoa, irurarren eta Irurako herriaren alde, herritarrekin hartutako konpromisoari erantzunez".

Udalerri eta gizarte gisa ditugun erronkei aurre hartzeko proposamenak landu ditu EAJk. "Ezin dugu beste aldera begiratu, gure gizartean gertatzen ari diren aldaketei eta aurrean ditugun erronkei erantzun behar baitiegu, hortaz, etorkizunera begira lan egin behar dugu eta klima aldaketari aurre egiteko tokiko ekintzak sustatu behar ditugu", esan dute EAJko udal taldeko kideek. Egindako proposamenen helburua, tokiko ekintza txikien bidez, klima aldaketari aurre egiteko mugikortasun eredu jasangarriagoak sustatzea dela diote jeltzaleek.

"Bizikletaren erabilera gero eta hedatuagoa dago lanera joateko, paseatzeko edo kirola egiteko", esan dute. Hori dela eta, bizikletak konpontzeko gune bat sortzea proposatu dute, Beasainen edo Azkoitian dauden puntuak adibidetzat hartuta. Eta elektro-mugikortasunaren aldeko apustuan, udal taldeak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat ezartzea proposatu du.

Irurarren ongizatea hobetzeko jomuga

Herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, Kaskailu plazako haur parkeko zorua eta jolasak berritzea eta jolas gehiago jartzea proposatu dute jeltzaleek. Era berean, 2020ko aurrekonturako egindako proposamen bera berriz ere mahai gaineratuz, Ibaiondo pasealekuan komun publikoa jartzea eskatu du EAJk, herritarren pasealekua izatetik harago, haien ustez, "oso gune erabilia delako, bertan daudelako kokatuta haur jolastokia eta helduek ariketa fisikoa egiteko makinak".

Egindako proposamenak EH Bilduk kontuan izan eta aurrekontu proiektuan txerta ditzan espero du EAJko udal taldeak, "ziur baikaude gure proposamenek herritarren egunerokoa eta bizi kalitatea nabarmen hobetuko dituztela". Herritarren behar eta eskaerei erantzuteko, "arduraz eta konpromisoz" lan egingo duela hitz eman du Irurako EAJk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!