Nola jaso duzue txupinazoa botatzeko ohorea?
Udalak eta jai batzordeak proposatu ziguten jaiei hasiera ematea eta pozez hartu dugu enkargua.
Noiz eta nola sortu zen talde hau?
2013an. Hamar lagunek eman genuen izena, orain bederatzi ari gara eta prest egoten gara hainbat eginkizunei aurre egiteko.
Non du sorburua talde honek?
2008an Kilometroak festa egin zen Iruran eta esperientzia bat izan genuen. Segurtasun plan bat egin behar izan zen eta antolakuntzakoek guretzako ikastaro bat prestatu zuten titulazioa ateratzeko. Ikastaroan parte hartu zutenek Irurako segurtasun plana prestatzeko lana hartu zuten, ordura arte herriak ez baitzuen horrelakorik. Plana eguneratuta eduki eta aurrera eramateko talde baten beharra ikusi genuen.
Zein izaten da zuen egitekoa?
Beti ikusten gaituzte festetan egiten diren ekitaldietan eta kirol probetan trafiko aldetik, gehienbat, segurtasuna bermatzen. Irurak trafiko izugarria dauka eta arazoa sortzen da kalejira eta bestelakoak egiteko. Horrelakoetan aritu gara eta eskerrak, bestelako eginkizuna larrialdiko egoeretan laguntzea baita. Emergentzia orokorra bada eta ertzain eta suhiltzaileak lanpetuta badabiltza, gure herria salduta geratzen da. Egoera horietarako sortu genuen taldea.
Zuena bezalako talde gehiago dago Gipuzkoan?
Gipuzkoan herri askotan dago. Tolosan, Zarautzen, Pasaian, Irunen eta Errenterian. Araba eta Bizkaian ere badaude. Lan boluntarioa denez, udal batzuk aurrera eramaten dute eta beste batzuk ez dira horretaz arduratzen. Hemen interesgarria izan zitekeela pentsatu zen eta taldea atera genuen.
Abisu asko jaso al dituzue urte hauetan?
Eguraldiagatik abisu horiak eta horrelakoak izaten dira baina larrialdi egoeretan ez dugu parte hartu, premiarik ez delako izan.
Baliabide asko al dauzkazue?
Pixkanaka hornitzen ari gara, udalaren laguntzarekin. Txalekoak, uniformea eta oinetakoak dauzkagu. Gure artean hitz egiteko irratiak eta Eusko Jaurlaritzako Barne sailak jartzen dituen walkie talkie batzuk ditugu, SOS Deiak-ekin zuzeneko harremana izateko. Udalaren baliabideak ere gure eskura daude.
Talde irekia dela aipatu duzue.
Bere garaian deialdi publikoa egin zen udalaren bidez taldea osatzeko. Orain 50 urteren bueltakoak gara gehienak, baina komeni litzateke gazteak animatzen joatea, erreleboa emateko.
Ikusi hemen festetako egitaraua.