Irurako San Mielak 2017

Irurako babes zibileko taldeak botako du txupinazoa

Ataria 2017ko ira. 18a, 18:07

Ostiralean, irailaren 22an abiatuko dira aurtengo sanmiel festak Iruran. Bi asteburutan gauzatuko dira ekitaldiak.

Ana Leunda alkateak nabarmendu duenez, "ohore handi bat da horrelako talde bat herrian edukitzea". Babes zibileko taldeak "izugarrizko" lana egiten duela aipatu du Leundak, "musu-truk aritzen dira, ez dute ezer kobratzen eta behar ditugunean beti hor daude laguntzeko prest". Txupinazoa botatzeko aukera ematea, herritar guztien izenean eskerrak emateko modua dela azpimarratu du Irurako alkateak.

Aurkezpen ekitaldian izan da Joxi Lasa, babes zibileko taldeko kidea eta eskerrak eman dizkie udalari eta jai batzordeari eurekin gogoratzeagatik. "Bederatzi lagunek osatzen dugu taldea, eta herrian zehar gerta daitezkeen egoerak kudeatzeko prest egoten gara. Urtean zehar egiten diren martxak, kalejirak edota kirol probak babesten ditugu eta saiatzen gara ekitaldi horietan segurtasuna bermatzen". Herritarrak boluntario bezala lanean aritzera animatu ditu Lasak, "borondatez jardutea herrigintza egitea da, gurean edo beste edozein herriko taldetan".

Nobedadeak egitarauan

Ostiralean, babes zibilekoek botako dute txupinazoa eta horren ondoren hasiko da festa. Jaien lehen egunean barrikotean jende ugari biltzen da eta Alex Lasa kultura teknikariak esan duenez, aurten mahai berriak izango dituzte. Larunbata, irailak 23, haur, gazte eta bikoteen eguna izango da, eta beraz, ekitaldi ugari izango dira. Haurrek, esate baterako, jolasak izango dituzte garbitokian eta eguerdian bazkaltzeko bilduko dira plazan. Mozorrotuta joateko deia egin du Lasa teknikariak: "Aspaldiko ohitura berreskuratu dugu. 28 urte dira play back lehiaketa egiten dela Iruran, baina lehenago mozorro lehiaketa egiten zen. Aurten, festa batzordean gurasoek hala eskatuta, mozorrotzera animatu nahi ditugu gazteak eta ez da lehiarik egongo, bazkalostean desfilea baizik". Larunbateko beste ekitaldietako batek, bertso saioak, kokalekua aldatuko du. Amaia Agirreren esanetara ariko dira Andoni Egaña, Maialen Arzallus, Unai Mendizabal eta Eli Pagola; ez plazan, baizik eta elizan. "Toki babesa eta goxoa iruditzen zaigu, plazan askotan ez baitu jendeak behar adina arreta jartzen".

Egun batzuetako atsedena hartu ondoren, San Miel egunaren bezperan jarraituko du festak. Ohiko txistorra jatea izango da ostegunean eta herriko patroiaren egunean ohiturazko ekitaldiak izango dira, play back lehiaketarekin amaitzeko. Larunbateko ekitaldi nagusia eta antolatzaileen esanetan "jende gehien bilduko duena", gaueko kontzertua izango da. Zea Mays eta DJ Bull ariko dira irailaren 30ean Irurako plazan. Igandean herensugea erreta bukatuko dituzte aurtengo festak, nahiz eta urriaren 8an, aparteko festa eguna izango duten herriko erretiratuek.

Herritarrei ondo pasatzeko deia luzatu die Leundak eta arreta berezia jarri du gerta daitezkeen eraso sexistengan. "Iruran ez beti ezezkoa dela gogoratu nahi dut", esan du alkateak. Horregatik, eraso baten aurrean nola jokatu jakiteko eskuorri bat atera dute eta herriko taberna eta txosnatan banatuko dute. Etxez etxe banatu den jaietako egitarauarekin batera ere zabaldu dute eskuorri hori.

Ikusi hemen egitaraua. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!