Hilabetean behin, eskualdeko herritar bat izango dugu gurekin, eta saioaren izenak dioen moduan, bere ezkutuko aldea gehiago, sakonago edo hobeto ezagutzea izango da helburua; askotan kontatu gabe geratzen diren baina kontatu daitezkeen sekretuak, bakardadean ikusten, entzuten edo irakurtzen den hori, inork jakin ez arren gustuko ditugun afizioak edota ohitura eta mania ezberdinak ezagutzea, alegia.
Izan ere, zer da ezkutuko aldea? Edo, zein da gure ezkutuko aldea? Galdera hori behin eta berriz egin diezaiokegu geure buruari, benetako erantzuna jakin gabe ere. Gauez, eguzkia ezkutatu eta ilargia agertzen denean, baldin eta zein itxura duen, batzuetan Lurretik ez da guztiz ikusten. Hortaz, ilargi-aldiaren arabera ere, satelite honek izaten du bere ezkutuko aldea. Bestetik, Pitagorasen teorema dugu. Triangelu angeluzuzenetan erabiltzen da, eta bi alde ezagun edukita, hirugarrena den ezkutuko edo alde ezezagun hori kalkulatzeko egiten den ebazpena da.
Baina, hona ez gara ez astronomiaz ezta matematikaz hitz egitera etorri. Ze, gizakiok ba al dugu ezkutuko alderik? Eta edukiz gero, zein da eta nolakoa da? Hori ikertzen eta azaleratzen saiatuko gara gaurko saioan, gonbidatuaren zenbait sekretu eta kontu ezagutzeko asmoz. Izango dira herritarrek behin eta berriz entzunda ezagutuko dituztenak, baina guztiok izaten ditugu gure mania, ohitura edota bitxikeriak, gutxi batzuk edo inork ezagutzen dituenak.