Esaldi bakoitzean nabari zaio umorerako duen etorria; zirtorako duen abilezia. Bere ofizioa “pasio handiarekin” bizi duela aitortzen du Martxelo Otamendi Egigurenek Pelos (Tolosa, 1957); izugarri maite du kazetaritza. Euskaldunon Egunkaria hedabideko zuzendaria izan zen 1993tik 2003ra bitarte. “Nik sortu nuen zuzendari-bekadun titulua”, dio. 2003az geroztik, Berria egunkariko zuzendaria da. “Euskaldunon Egunkariako kargua hartu nuenean, 2 urterako izango zela esan nuen, eta 28 beteko ditut laster”.
Hala ere, Triangulo aldizkarian eman zituen lehen pausoak. “Belaunaldi mugitua eta gogotsua ginen, Oria anaiak, Iñaki Epelde…”. Geroago, Egin komunikabidearen Egun on aldizkarian aritu zen, Frankie Tai pseudonimoarekin. Zergatik ote?
Eskolan gazteleraz aritzen bazen ere, ikaskide batek “ez al dizue lotsa ematen?” galdera bota, eta geroztik urrats ugari eman ditu euskararen alde. Egunkarian hasi aurretik, irakasle izan zen euskaltegian. 2003an, gainera, Korrikako mezua idazteko ardura izan zuen. “Ondo dago Korrika egitea, baina bihar denok Euskaltegira, izena ematera”, esan zuen frantzesez eta gazteleraz, inor ulertu gabe geratu ez zedin. “Jendeak harrituta begiratzen zidan”. Bestetik, berak proposatu omen zuen Galtzaundi izena, Tolosaldeko Euskara Taldearentzat.
Baina Martxelok baditu bestelako zaletasun gehiago ere. Gaztetan kirol ugari egiten zuela dio. Erdiko atzelari bezala hasi zen futbolean, baina saskibaloian baliatu ahal izan zuen bere altuera. “Ama, gainera, afizionatu amorratua zen”, dio. Alkohol gutxi edaten zuen arren, oso gautxoria eta festa zalea zela aitortzen du. “Gaueko bizi aproposa zuen Tolosak, eta egunero ateratzen ginen 2:00ak arte, egunero”. Entzun nahi dituzu gaupasak egiten dituztenentzako dituen aholkuak?
Oso pozik dago Tolosan bizitzeko aukera duelako. “Nortasun handiko herria da, oso aktiboa, eta neurri polita du”. Hala ere, pena handia du, xarma handia zuten eraikin historiko ugari eraitsi direlako. Gainera, Txabolako Bezero Ohien Elkartea sortzea aldarrikatzen du. “Txabola Eguna da Tolosari ospatzeko geratzen zaion festa bakarra”.
Zaletasunez gain, pasadizo ugari bizi izandakoa da Martxelo. Ba al zenekien behin hegazkin bat pilotatu zuela? Beste behin, Tolosako manifestazio batean Guardia Zibilak orkatila apurtu ondoren joan zen soldaduskara, Ferrolera. “Ni izango naiz, Espainiako armadaren historian, lehen egunean kuartelera hanka igeltsatuta joan den lehen pertsona”.
Azkenik, bitxikeria bat. Berarekin haserretuz gero, lasai; haserrealdi, tentsiozko une eta gatazka guztiak konpontzen omen ditu eta pasteltxoekin. Gaur ahaztu egin zaizkio, ordea.