Ikaztegietak mural berria du. Herriko emakume talde batek Ikaztegietako labaderoa horma-irudia egin du udaletxe zaharraren –gaur egun ostatua dago bertan– albo bateko paretan, eta etzi hasiko diren San Lorentzo festen atarian aurkeztu dute. Pili Lazkano, Gloria Castaños, Kakun Orbegozo, Miren Orbegozo, Marisol Larrea, Jaione Iurramendi eta Edurne Ibarbia izan dira horma-irudiaren egileak. «Edurne izan da motorra, eta gainerakoak laguntzaileak izan gara», esan du Iurramendik.
Duela bi urte hasi ziren ideiarekin. 2024ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan herrian antolatu zitezkeen ekintzak zerrendatzen ari zirela, ondorioztatu zuten beharrezkoa zela herrian emakumeen memoriari buruz zerbait egitea. Proposatutako ideia guztien artean, harraskaren horma-irudia egitea iruditu zitzaien egokiena. Ibarbiak bi bozeto egin zituen, eta haietatik bat aukeratu zuen emakume taldeak.
Aurrerago, harraskari buruz galdezka hasi ziren herrian: non zegoen, nolakoa zen, herritarrek ezagutzen ote zuten... erabiltzaileei ere egin zizkieten galderak. Aurten, martxo aldera, berriz heldu zioten gaiari, eta zenbait bilera egin ondoren, udaletxeko artxibora jo zuten, informazio gehiagoren bila. Nor zen jabea eta zein urteen artean egon zen martxan jakin nahi zuten. «Artxiboetan ez da agertzen noren jabetzakoa zen. Jakin dugun bakarra da 1948. urtean udaletxeak herriarentzat irekitzea eskatu ziola jabeari». Urte hartatik 2005era bitarte egon zen martxan harraska.
Iurramendik azaldu du horma-irudia egiteko zazpi edo zortzi saio egin dituztela. Maiatzaren 10erako egin zuten lehen deialdia, eta ordutik zenbait lan egin dituzte. Lehenik, horma garbitu, tratatu eta txukundu zuten. Gero, gauez bi saio egin zituzten proiektore batekin, marrazkiak zer itxura izango zuen ikusteko. «Aldapan egin behar izan dugunez, zailtasun berezia izan du», esan du Iurramendik. Azken saioetan, irudia tizarekin markatzen eta pinturarekin margotzen aritu ziren. Ekainaren 18an amaitu zuten, eta orain, herriaren historiaren zati bat ezagutu daiteke lan honen bitartez.
Ikaztegietako labaderoa izena jarri diote, nahiz eta bazituzten aukera gehiago. «Iruditzen zitzaigun herritarrentzat izen ezagunena zela, herrikoiena, behintzat», adierazi du Iurramendik.