Hitzordu bana parke berriaren eta herriko tabernaren inguruan jarduteko

Ataria 2025eko martxoaren 11

Ostiralean, martxoaren 14an, bi bilera ireki egingo ditu Ikaztegietako Udalak: lehenengoan, elizaren ondoko parkea berritzeari buruz izango da; eta, bigarrenean, herriko tabernari eta dendari buruz hausnartuko dute.

Otsailaren hasieran hasi zen Ikaztegietako Udala herriko azpiegiturari buruzko hainbat gai jorratzen, hain zuzen, elizaren ondoko parkea berritzea eta herriko tabernaren eta dendaren etorkizuna. Bada, ostiral honetan, beste hitzordu bana egingo dute gaiak lantzen jarraitzeko.

Lehen hitzordua elizaren ondoko parkeari buruz izango da, 17:00etan, eta udaletxeko batzar aretoan bilduko dira. Aurreko hilabetearen hasieran herritarren proposamenak jaso zituen udalak eta, horietatik abiatuta, aurrekontuak eskatu dituzte; bada, orain, erabakiak herritarrekin batera hartzeko deitu dute bigarren bilera.

Herriko ostatuaren etorkizuna lantzen garai bertsuan hasi ziren, eta beste esperientzia batzuen berri izateko Bakaikuko eta Olatukoopeko kideek hitzaldi bat eman zuten Ikaztegietan. Ostiraleko batzarraren helburua da, berriz, ezagutzea zer egin nahi duten eta zer egin dezaketen herriko tabernarekin zein dendarekin eta «batez ere» zehaztea zertarako dauden prest herritar eta udal gisa. Bigarren hitzordu hori 18:00etan hasiko da, egun eta leku berean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!