Ostatuko denda eta energia komunitatea biziberritzea asmo

Aitor Arroyo Askarai 2025ko ots. 5a, 11:58

Gaiak lantzeko hitzordu bana egin dute dagoeneko; orain arte egindakoa positiboki baloratu du Alba Garmendia alkateak eta «herritarrak aktibatzea» du erronka nagusitzat.

Hausnarketak abiatzeko hilabetea izan da urtarrila Ikaztegietan, izan ere, hitzaldi bana antolatu dute herriko energia komunitatea eta ostatuko denda abiapuntu. Lau urteren ondoren, Ikaztegietako ostatuaren lizitazio epea aurten bukatzen da, eta udalaren asmoa da gaia «denboraz» hartzea eta erabakitzea zein den aukerarik egokiena bertako denda biziberritzeko.

Herri txikietan merkataritza zerbitzuak antolatzea erronka izaten da, eta Ikaztegieta ere ez da horren salbuespen. Astean behin bertaratzen dira herrira fruta saltzailea eta arrain saltzailea; Larreta esnekien produktuak kontsumo talde baten bitartez bideratzen dituzte eta ostatuko dendak, gaur egun, eskarien arabera jarduten du. Alba Garmendia Ikaztegietako alkateak adierazi du dendak planteamendu berri bat behar duela, besteak beste, hori «ordenatzeko» eta bateratzeko: «Helburua da herritarrek eguneroko erosketa herrian egin ahal izatea. Eta, aldi berean, denda horrek ematea zerbitzua edo balio izatea, baita ere, herriko eta eskualdeko ekoizleentzat».

Erabilera, behera
Ostatuko denda martxan badago ere, azken urteetan erabilerak behera egin duela antzeman dutela zehaztu du Garmendiak, eta horrek bultzatu ditu, besteak beste, hausnartzen hastera: «Nola antolatu hausnartzeko beharra ikusi dugu guztiok, bai tabernariak, udalak zein herritarrek». Eta momentu «aproposa» dela iritzi diote, ostatuaren —eta neurri berean, dendaren— lizitazioa urtearen erdialdera bukatuko delako. 

«Gustatuko litzaiguke taberna itxi beharrik gabe trantsizioa egitea», horrela hitz egin du alkateak lanketaren inguruan, eta hainbat aukera gaineratu ditu: «Gaur egungo arduraduna aurkezten bada berarekin; bestela, aurkezten denarekin eta agian baita beste moduren batera ere». Dena dela, nabarmendu du oraindik ez dagoela ezer lotuta.

Alkateak adierazi duenez ikaztegietarrek, gaur egun, hainbat erosketa eskualdeko beste herri batzuetan egiten dituzte, horien artean, Alegian eta Tolosan: «Kotxean egiten den bidaiaren arabera antolatzen da jendea: izan daiteke lanera, haurrak eskolara eramatera... Ohitura handia dago horretarako».

Erronka nagusia
Garmendiaren ustez herritarrak aktibatzea izango da «gako nagusia», eta gainerako zailtasunei «modu batean zein bestean» erantzungo dietela ere aurreratu du. 

Hari berari tiraka, gehitu du Ikaztegietako Udalak laguntzeko borondatea duela, eta eskura jarriko dituela baliabideak lan administratiborako: «Betiere ikuspegi osoa kontuan hartuta eta ulertuta udaleko baliabideak ez direla bakarrik denda edo komunitate bat martxan jartzeko». 

Aurrera begirako pausoei dagokienez, berriz, datozen asteetan hitzordu gehiago antolatuko dituztela iragarri du, eta horietan jasotzen dituzten ideien eta erabakien arabera zehaztuko dituzte hurrengo urratsak, bai ostatuaren lizitazioari dagokionez, bai herriko energia komunitatearen etorkizunari dagokionez. 

Orain arteko lanketari buruz gogobeteta hitz egin du alkateak eta nabarmendu du «oso ondo» joan direla aurreko hitzorduak: «Herritarren jarrera eta parte hartzea oso positiboak izan dira. Ulertzen dugu prozesu hauetan  —bai energia komunitatean bai dendarenean— ez duela udalak erabaki behar, edo ez behintzat udalak bakarrik. Herritarren nahi horietatik etorri behar du norabideak». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!