Ikasleen begietatik eta irudimenetik hartuko du gorputza Ikaznek

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 2a, 19:58

Ikaztegietako Herri Eskolako bigarren pisuan hartu dute TOLOSALDEKO ATARIA. Sorginkeria usaina dario gelari. Sendabelarrak lantzen ari dira ikasleak, eta horiekin ukenduak egiten ikasten ari dira. Hortik ere badu Ikaznek. Lapiko artera gerturatu dira, ikasleen ordezkari moduan, Saida, Danel, Markel eta Ziortza. Ipuina gustatu zaiela kontatu dute, eta aurrerantzean gogoan izango dutela; baina, tartean, bada kontuan izango ez duela aitortu duen baten bat.

Ipuina horrela laburbildu dute ikasleek: «Ikaztegietan bizi zen neska bat zen, eta ikazkina zen. Gaztea zenean, emakume batek erakutsi zion sendabelarrekin lan egiten. Ondoko herrietatik jendea etortzen zitzaion ukenduak-eta eskatzera. Bestetik, euskaraz, ikazkinekin kantuak ikasten ibili zen. Animaliekin hitz egiten zuen, txoriekin eta katagorriekin, beti euskaraz».

Aho batez onartu dute Ikaznek darabilen hizkuntza euskara dela, eta guztiek ulertzen diotela. Beraien artean, ordea, batek bakarrik onartu du euskaraz bakarrik hitz egiten duela.

Zein mezu jaso duten galdetzean, hauxe laburbildu dute: «Egun batean dotore jantzita jaitsi zen Ikaztegietara, eta heldu bat eta ume bat erdaraz hizketan ari zirela konturatu zen Ikazne. Orduan, berak Ikaztegietan euskaraz hitz egitea nahi zuen, eta haserretu bezala egin zen».

Bi urtetik 12 urtera bitarteko guztiek sorgin bat marraztu dute. Ile luze edo laburrarekin, txapelarekin edo gabe; erratza du baten batek eta, besteren batek dio, Euskal Herriko sorginen modukoa irudikatu duela. Katagorriari jana ematen ere marraztu dute.

Txikienetatik hasi eta gela guztietan, ikasle bakoitzak bere marrazkia egin du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!