"Ikazne bere hizkuntza, ohiturak eta bere bizimodu bukoliko hori estimatzen dituen pertsonaia da"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 2a, 19:59

Iñaki Zubeldia idazleak Ikaztegieta eta euskara oinarrian dituen ipuina idatzi du, herriko euskara taldeak eskatuta.

Ikazne ipuina idatzi duzu. Nolatan jaso zenuen eskaera hau?

Euskaraldia pasa ostean, Gloria etorri zitzaidan, euskara taldetik, herrirako eta, batez ere haurrentzat, ipuin bat sortzea nahi zutela esanez. Bertako pertsonaiaren bat nahi zutela, euskararen alde egingo zuena. Ikusten dutela haurrek plazan gaztelaniaz hitz egiten dutela, eta tristura ematen diela. Orduan, nolabait euskara defendatuko zuen norbait eta herriarekin lotutakoa nahi zutela esan zidan.

Eta Ikazne sortu duzu. Zertan oinarritu zara?

Ikaztegieta ikazkinen herria izanik, hortik, Ikazne, neska bat jarri nuen. Pentsatzen dut garai batean Ikaztegieta herri lasaia izango zela. Ikatzarekin egingo zuten lan basoan, eta denak euskaldunak izango ziren, noski. Herri lasai bat eta jende lasaia. Eta, gaurko ikuspegi super moderno honetatik, kanpoko hizkuntzen eta kanpoko kulturen eragin handitik begiratuta, pixka bat bukolikoa zen mundu hura. Eta Ikaztegietak oraindik bukoliko hori pixka bat mantentzen du, hau da, nahiko landa eremuko giroa du, nahiz eta trenak eta autobideak egin dizkiguten. Badu oraindik kutsu hori. Kanpoko hizkuntzen eragina izugarria da, eta frantsesak, ingelesak eta gaztelaniak oso-oso fuerte erasotzen digute. Orduan, bere hizkuntza, ohiturak eta bere bizimodu bukoliko hori estimatzen dituen pertsonaia da.

Nolakoa da Ikazne?

Garai batean neskatila bat zen, baina ikasi zuen belarrak zaintzen. Emakume jakintsua egin zen eta, garai batean, emakume jakintsuak sorginak ziren. Ez pertsona gaizto, baizik eta, pertsona jakintsu. Pertsona ongileak ziren. Jendea sendatzeko balio zuten, eta hortik enfokatu dut pertsonaia. Landa eremuko kutsua emanez, baina, aldi berean, aspaldiko balore tradizionalak goraipatuz.

Zein mezu eman nahi izan duzu ipuin honekin?

Gehienbat euskara dela gure hizkuntza eta, hortik kanpo, baditugula gure ohiturak, dantzak, ipuinak.... Ipuinaren barruan agertzen da Ikaznek nola eskola bat sortu zuen, hizkuntza hobetzeko, herriko ohitura eta ohitura zaharrak, ipuinak,... biltzeko. Jendea eskolara joaten hasi zen, eta oso gustura ibiltzen ziren. Eta, haurrei zuzendutako mezua da, Ikazneren euskara hori mantendu beharko genukeela. Beste hizkuntzak jakitea ona da eta, berez, beste hizkuntzak ez dira etsaiak, baina gurea mantentzea eta gure ohiturak mantentzea ere garrantzitsua da.

Erraz idatzi duzu ipuina?

Bai, oso erraz atera zitzaidan. Enkargua eman zidatenean ia sortu nuen Ikaztegietan oinarritutako pertsonaia. Euskaldunon hizkuntza eta ohitura sano horiek transmitituko dizkigun pertsonaia hori. Pixka bat iraun dezatela luzaroan. Modernismoa ukatu gabe eta zibilizazioak dakarrena ukatu gabe, baina lehendik datorkiguna preziatuz eta mantenduz.

Oraindik ez duzu izan aukerarik herriko haurrekin egoteko. Gustatuko litzaizuke haiekin elkartzea?

Polita izango litzateke, bai, zer sentitu duten jakitea. Ez baitakit zer sentitu duten edo ezer sentitu duten. Polita litzateke, ezagutzea, zerbait eragin ote dien, edo nik ekarpenik egin diezaiekedan, azalpen batzuekin-edo.

Liburuak zein ibilbide egitea gustatuko litzaizuke?

Umeei ipuina gustatu baldin bazaie, gure herriko pertsonaia tipiko baten moduan hartzearena polita izango litzateke. Aspaldiko emakume jakintsu, sorgin edo nahi duten moduan har dezatela, eredu bezala; nolabait bultzako dituena gure ohiturak, gure bizimodu sanoa eta gure hizkuntza mantentzera, nahiz eta beste hizkuntzak eta ohiturak ikasiko dituzten. Baina, Ikazne izan dadila bultzada bat, gure herriaren esentziari eusteko. Horretarako balioko balu, positiboa izango litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!