Euskara zaintzera dator Ikazne

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 2a, 19:59

Ikaztegietako Euskara Taldeak bultzatuta, herriko haurrengan euskararen erabileran eragiteko ipuina sortu dute. Ikazne da protagonista, eta dagoeneko herriko neska-mutilek eskolan irakurri eta landu dute.

Eskualdeko herri guztien moduan, Ikaztegieta herri euskalduna da, baina urteak dira, herri mailan, euskararen erabilerak kezka sortu zuela. Batez ere, haurren arteko komunikazio hizkuntza izan da deigarria egin zaiena: lehen ez bezala, herriko gero eta haur gehiagok, txikitatik, gaztelania erabiltzen dute.

Egoera horren aurrean, eta herriari begira lan egiteko, 2018ko martxoan sortu zuten euskara taldea. Hasiera batean, Euskaraldiari begira egin zuten lan, baina, Euskaraldiaren bidea bukatuta, haurrei begira jarri ziren buru-belarri, herrian euskarak bere garrantzia izan dezan, eta haurren kontzientzietan eragiteko.

Herriko plazan, zenbaitetan, neska-mutilek euskara baino gehiago gaztelania erabiltzen dutela diote. Gloria Castaños euskara taldeko kidea da, hasieratik: "Kezka horri begira, eta umeak euskararekin inplikatzeko, ideia polit bat asmatu behar genuela ikusten genuen. Buelta batzuk emanda, ipuin bat asmatzearen ideia sortu zen". Herrian idazlea izatearen abantaila baliatu dute horretarako: "Nolabait euskarak protagonismoa izango zuen, edo euskarak berak izan behar zuen protagonista ipuinean eta, Iñaki Zubeldia gure taldekoa dela aprobetxatuz, bertakoa, idazlea eta dena bere alde duela, berarekin harremanetan jarri ginen", azaldu du Castañosek. Ideia gustukoa izan zuen Zubeldiak, eta martxan jarri zuten ipuina.

Eskolakoekin jarri ziren harremanetan, taldearen asmoen berri emateko: "Gure kezkatik abiatuta azaldu genion, eskolako zuzendariari, gure asmoa, eta beraiek ere bazuten kezka hori. Gustura hartu zuten ideia, eta abiapuntua hori izan da". Nerea Altuna Ikaztegietako Herri Eskolako ikasketa burua da, eta proposamena gustura jaso dutela dio: "Gure eskolako hizkuntza nagusia euskara da, eta hemen euskaraz bizi gara, eta euskarak badu presentzia, baina, baditugu ikasleen artean hainbat, erdararako joera dutenak. Aukera polita iruditu zitzaigun guk ere egitasmo honetan parte hartzea".

Eskolara Ikazneren ipuina gutun moduan iritsi zen; Tartalo, Galtzagorri, Basajaun, Lamia eta Mariren izenean, hain zuzen ere. Euskal mitologia landu dute, eta gela bakoitza pertsonaia batek ordezkatzen du. Ipuina gela guztietan irakurri dute, eta "hausnarketarako aukera ematen du", solasaldian ere aritu baitira ikasleekin, ikasketa buruak argitu duenez: "Ipuina irakurri ostean, ikasle bakoitzak bere irudimenaren arabera irudikatu behar zuen Ikazne protagonista, eta ikasle bakoitzak egin du bere ustezko Ikazne hori".

"Aurreikusitako hurrengo pausua hori zen», dio Castañosek: «Pertsonaia badago ipuinean, Ikazne. Euskara irudikatu dezakeena. Protagonista bai, baina irudirik gabea zen, eta umeei eskatu diegu egiteko". Euskara taldeak jaso ditu eskolako haurrek egin dituzten marrazki guztiak: "Ume bakoitzak, bere irudimena aterata, bere irudia egin du. Zoragarriak denak. Oso ideia ezberdinak, baina oso ondo irudikatzen dute guztiek, ipuinak kontatzen duena. Orain guztiak kontuan hartuta, hortik, ahal dela, irudi bakar bat aterako dugu".

Ikasleek ipuina "ondo eta gustura" hartu dutela kontatu du Nerea Altunak. Eskolako proiektuarekin bat etorri zaie: "Aurretik ere, sorginak eta euskal mitologiaren gaia lantzen aritu gara. Protagonista sendabelarretan jakituna da, eta eskolako haurrak ere horretan ari dira. Ezustean etorri den zerbait da, baina gure proiektuarekin lotura oso zuzena duena; eta, gainera, euskararen erabilera sustatzeko eta hor gure hazitxoa jartzeko aukera polita ikusten genuen". Euskararen erabilerari dagokionean, irakasleak nabarmendu du, haurrek euskara erabiltzeko joera dutela, baina, "beraien familia egoeragatik-edo erraztasuna dutenek", badutela ohitura gaztelaniara jotzeko: "Eta horrek ekartzen duena da, euskaldun den hori, batzuetan, beraiekin gaztelaniazko giro horretan sartzea".

Eskola euskalduna dela diote, eta gaztelaniarako joera duten horiek "erabat euskal giroan murgilduta egotea" gustatuko litzaiekeela ere azpimarratu du.

Egitasmoak ia ikasturtea bukatzear harrapatu ditu, bai euskara taldea eta baita eskola ere. Ikasturtea bukatzerako irudi berria izatea ez da posible izango, baina, irailetik aurrera, aukera izango dute, berriz ere, proiektuari ekiteko. Hala ere, umeek eta irakasleek baino ez dituzte ikusi marrazki horiek eta, ikasturtea bukatu baino lehen, herritar guztiek ikusteko moduan jarriko dituzte, erakusketa batean. Euskara taldetik jakinaraziko dute, non eta noiz izango den ikusgai.

Gloria Castañosek azaldu du, irailetik aurrera ere indartsu etorriko dela Ikazne: "Ikasturtea ilusioz hasteko, berriz ere gure Ikazne berreskuratuko dugu, hainbat egitasmorekin eta euskararekin. Ea asmatzen dugun, eta lortzen dugun umeak eta familiak ondo inplikatzea. Baina, asmoa, noski, gure euskararen maskota edo gure Ikaztegietako maskota izatea litzateke; luzera begirako. Nik horrela irudikatzen dut, eta ea lortzen dugun guztiok horrela irudikatzea". Ilusioz kontatu du: "Ikaznek alaitu, zaindu, lagundu eta animatu; dena egingo digu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!