Gipuzkoako Foru Aldundiak «babes osoa» eskaini dio Leire Olaberriari

Ataria 2018ko ekainaren 29a

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak berdintasun eta kontziliazio protokoloak berrikus ditzala eskatu dio Espainiako Txirrindularitza Federazioari.

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak «irmo» defendatu du Leire Olaberriak Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin duen auzian. Olaberriak «bazterkeria» salatu du, ama izateagatik.

Itxasok adierazi du Federazioak balio jakin batzuk bermatu behar dituela, besteak beste, diskriminaziorik eza eta berdintasuna, eta ezin duela onartu, inondik ere, irizpide pertsonalek edo kirol arlokoek balio horiek zalantzan jartzea: «Pertsonen oinarrizko eskubideei buruz hitz egiten dugunean kontu handiz ibili behar dugu. Irizpide teknikoak edo kirol arlokoak aipatzea, gutxienez, zalantzazkoa da, eta Federazioak esku hartu behar du; aurrena, kirolariari entzun behar dio; eta, ondoren, ikerketa bat egin, eta gertatutakoa argitu. Guztion onerako, ez da zalantza izpirik gelditu behar».

Foru diputatuaren arabera, Leire Olaberria «Gipuzkoako kirolaririk handienetakoa da. Aspaldidanik ari gara Leirerekin lankidetzan, eta ondo baino hobeto dakigu buru-belarri aritzen dela eta dena ematen duela, emaitzek adierazten dutenaz gain».

Itxasoren ustez, «Federazioak aztertu beharko luke ea berdintasunari, diskriminazio ezari eta amatasunaren eta kirolaren arteko kontziliazioari buruzko protokoloak egokiak diren; bereziki, amatasun bajak eta kontziliazioa gizartean erabat onartutako gaiak izanda. Gaur egungo kirolak duen erronka etikorik garrantzitsuena, indarkeria desagerrarazteaz gain, emakumeen berdintasuna eta diskriminaziorik eza dira».

Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Olaberriari babes osoa emango diola jakinarazi du. «Bere kirol talentua, bere ibilbidea eta berak islatzen dituen balioak ezin dira bazterrean utzi. Leire Olaberriak gure babes osoa izango du; txirrindularitzak ezin du txapeldun bat galdu, eta kirolak eredugarria izan behar du emakumeen berdintasunari dagokionez».

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!