Bazterkeria salatu du Leire Olaberriak

Erabiltzailearen aurpegia Julen Etxeberria 2018ko eka. 28a, 13:26
Argazkia: AMDP

Ama izan denetik baztertua sentitu da txirrindularia eta Espainiako Federazioa salatu du.

Leire Olaberriak beste urrats bat egin du aldi berean ama eta goi mailako kirolari izateko eskubidearen defentsan. Kirol Profesionaleko Emakumeen Elkarteak (AMDP) jakinarazi duenez, ama izateagatik diskriminatu egin dutela argudiatuta, Ikaztegietako txirrindulariak salaketa jarri zuen joan den astelehenean Espainiako Kirol Kontseilu Gorenean.

Bertan, Olaberriak Espainiako Txirrindularitza Federazioaren aurka egin du. Aldi berean, Nazioarteko Txirrindularitza Batasuneko (UCI) Etika Batzordera ere jo du, eta, han, Jose Luis Lopez Cerron Espainiako Federazioko presidentearen aurka egin du, «diskriminazio horrek UCIren araudia hautsi» duela argudiatuta. Bere egoera salatzeko egin duen hirugarren salaketa da. Izan ere, joan den otsailean Raul Mena Espainiako pistako hautatzailearen kontra ere egin zuen.

AMDPk babes osoa eskaini dio. Horregatik, Espainiako Federazioari eskatu zion esku har zezala. Federazioak erantzun dio jada, eta esan dio ez dagoela frogatuta ama izatea «faktore erabakigarria» izan denik hautatzailearen erabakian. AMDPren iritziz, «bitxia da ama moduan eskubideak exijitzeagatik selekzioak deitu egin zuela, eta kontziliazio neurriak eskatu ondoren hasi zirela arazoak». Gipuzkoako Aldundiak ere babesa azaldu dio.

Mallorcako egonaldia

Auzia iazko irailean hasi zen. Menak Olaberria deitu zuen Europako Txapelketa prestatzeko, Mallorcan (Herrialde Katalanak) egin beharreko egonaldi batera. «Baietz esan nion, nahiz eta haurrak bederatzi hilabete eskas zituen. Semea nirekin eraman nuen, eta gastu guztiak nire gain hartu nituen», azaldu du Olaberriak. Han egonda, federazioak esan zion berak ordaindu beharko zuela zaintzailea txapelketara semearekin joan nahi bazuen. Aldi berean, Olaberriaren iritziz, «ordaintzen zaila» zen egutegia proposatu zioten. Hori ikusita, uko egin zion txapelketari.

[Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!