Ibarrako plazako bizikleta aparkalekua lekualdatu eta handitu dute

Ataria 2026ko ekainaren 30a

Ibarrako plazako estalpearen atzealdean zegoen bizikleta aparkalekua –16 plazakoa– bertatik kendu eta Eguzkilore tabernaren atzealdera mugitu du udalak, kopuru berako beste bizikleta aparkaleku bat ondoan erantsita. Honela, 32 bizikleta uzteko tokia egokitu eta plazako estalpearen atzealdea libre utzi da.

Ibarrako Udalak urteak daramatza bizikletak aparkatzeko zerbitzua ematen hainbat helburu medio, besteak beste, bizikleten erabilera sustatzeko eta horiek modu seguruan gordetzeko lekua eskaintzeko, aire libreko jarduera fisikoa sustatzeko, eta berotegi efektua eragiten duten gasen (BEG) emisioak murrizteko.

Martxoan, esaterako, Ibarrako Beko Bide kaleko 10. zenbakian dagoen lokala bizikletentzako 100 aparkaleku seguru egokitu zituen udalak, «udalerria beste aparkaleku kolektibo eta seguru batzuez hornitzeko eta bizikletaz mugitzen diren herritar guztientzako bizikleta-plazen eskuragarritasuna hobetzeko».

Orain, kaleko bizikleta aparkalekuei heldu nahi izan die. Izan ere, udaletik azaltzen duten moduan, «ikusi da Uzturpe ikastolako ikasle askok bizikleta erabiltzen duela Ikastolara joateko garraiobide moduan, eta ondorioz, plazan dagoen bizikleta aparkalekua eskasa geratu da». 

Bizikleta-aparkaleku eskaintza handitzearren, plazako estalpearen atzealdean zegoen bizikleta aparkalekua –16 plazakoa– bertatik kendu eta Eguzkilore tabernaren atzealdera lekualdatu da, kopuru berako beste bizikleta aparkaleku bat ondoan erantsiz. Honela, Eguzkilore tabernaren atzealdean 32 bizikleta uzteko tokia egokitu eta plazako estalpearen atzealdea libre utzi du udalak, herriko festetan edota asteburutan antolatzen diren ekintzatan espazioa libre uzteko.

Plazako komunaren ondoko bizikleta aparkalekua –8 plazakoa– bere horretan utzi da, eta baita San Bartolome kalea 13ko etxebizitzaren aldamenean dagoen beste bizikleta aparkalekua –8 plazakoa– ere.

Guztira, beraz, 48 bizikleta uzteko tokia geratu da plaza inguruan; 16 plazan eta 32 Eguzkilore tabernaren atzealdean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!