Udalak urteak daramatza bizikletak aparkatzeko zerbitzua ematen, bizikleten erabilera sustatzeko eta horiek modu seguruan gordetzeko lekua eskaintzeko, aire libreko jarduera fisikoa sustatzeko, eta berotegi efektua eragiten duten gasen (BEG) emisioak murrizteko helburuarekin.
Orain arte, bizikleta-plazak kalean jarri dira, bide publikoan, baina hori zabaldu egin nahi du udalak, «udalerria beste aparkaleku kolektibo eta seguru batzuez hornitzeko eta bizikletaz mugitzen diren herritar guztientzako bizikleta-plazen eskuragarritasuna hobetzeko». Udalaren ustetan bizikletaren erabileran eragina izan dezakeen faktoreetako bat «aparkaleku seguruak, erosoak eta herri osoan ondo banatuak sortzea da bizikletetarako sarbidea errazteko».
Gauzak honela, Ibarrako Udalak Beko Bide kaleko 10. zenbakian duen lokalean bizikletentzako aparkaleku seguruak egokitzea erabaki du. Aparkaleku horiek moduluak izango dituzte, erabiltzaile guztien erosotasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, Gainera, lokalaren barruan sarbide kontrolatuak eta bideozaintza egiteko sistemak ere izango dira, segurtasunez aparkatzeko.
Guztira, 100 aparkaleku izango dira, eta martxoaren 16an, astelehena, zabalduko dute izena emateko aukera. Hilaren 31a bitarte izango da horretarako aukera, 09:00etatik 14:00ak bitarte, Ibarrako udaletxean.
Zerbitzua erabiltzeko baldintzak
Zerbitzua erabiltzeko interesa duten herritarrek Ibarrako Udalarekin zerga betebehar eta gainerako guztiak egunean eduki beharko dituzte.
Hainbat pertsona fisiko etxebizitza berean biziz gero, erroldatutako pertsona adina bizikleta gordetzeko eskaera egin ahal izango du. Gurasoek edo legezko tutoretza duten pertsonek adingabeei bizikleta-aparkalekua erabiltzeko baimena eman ahal izango diete. Kasu horretan, aparkalekua erabiltzeko erantzukizuna aitak/amak edo legezko tutoreak izango du. Adingabeen eskabideak aitak, amak edo tutoreak abalatuta aurkeztu beharko dira, eta pertsona heldua izango da araudi honen arduraduna.
Etxebizitza bakoitzak plaza bat izango du bermatuta automatikoki. Eskatzaile guztietatik eratorritako etxebizitza kopurua aparkaleku-plazak baino handiagoa bada, orduan zozketa bidez esleituko dira bizikleta-aparkalekuak.
Ibarran lan egiten dutenek ere aukera izango dute bizikleta bertan uzteko, betiere, ibartarrek lehentasuna izanik.
Udalak jakinarazi du aparkaleku ez dela «gordailua» izango, bizikletaren erabilera bultzatzea baitu helburu. «Horregatik, bizikletak denbora luzez erabiltzen ez direla ikusiz gero, edota egoera txarrean utziak daudela ikusiz gero, udala harremanetan jarriko da jabearekin eta aparkatzeko eskubidea galduko du egoera zuzendu ezean».