Izarne Sarasola, munduko txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abu. 29a, 12:38

Futbol jokalari ibartarrak Costa Rican jokatu den 20 urtez azpiko Munduko Kopako finala irabazi du Espainiako selekzioarekin, Japoniari 3 eta 1 irabazita.

Izarne Sarasolak historia egin du. Aurreko ikasturtearen amaieran, denboraldi ahaztezina izan zela eta bere ametsa egia bihurtu zela aitortu zion ATARIA-ri elkarrizketa batean. Duela aste batzuk, Realak ofizialki adierazi zuen lehen taldeko jokalaria izango dela denboraldi honetan, 14 zenbakia jantzita. Eta gaur goizaldean, Costa Rican jokatu den 20 urtez azpiko Munduko Kopako finalean, garaipena lortu du Espainiako selekzioarekin, Japonia 3 eta 1 garaitu ostean. Ezin gehiago eskatu.

Hasiera batean, ez zen arerio erraza. Talde lanean nabarmendu da talde asiarra txapelketa honetan, eta finalerdietan, faborito nagusietako bat zen Brasilgo selekzioa kaleratu zuten. Gainera, Japoniako selekzioko jokalari bat izendatu dute txapelketako jokalari onena. Hala ere, Espainiako selekzioak oso ondo ekin dio lehiari, eta berehala jarri da aurretik markagailuan. Gero, lehen ordu erdia bete baino lehen, elkarren segidan bi gol egitea lortu dute, eta hala, 3 eta 0eko emaitzarekin heldu dira atsedenaldira.

Bazirudien aise lortuko zutela garaipena, baina bigarren zatiko bigarren minutuan, area ertzetik jaurtitako falta batean, ondo landutako jokaldi bati esker, lehen gola sartzea lortu dute japoniarrek. Espainiak bere lerroak atzeratzea erabaki du, errenta mantentze aldera, eta ondorioz, japoniarrek ez dute aukera garbirik izan bigarren gola egiteko. Azkenean, emaitza bera mantendu da amaierara arte.

Sarasola 77. minutuan zelairatu da; beraz, finaleko azken minutuak jokatu ahal izan ditu. Bien bitartean, bere jaioterrian, elkarte batean ikusi dute herritarrek finala, eta amaieran, gogoz ospatu dute futbolariak lortutakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!