Izarne Sarasolak 14 zenbakia jantziko du Realaren lehen taldean

Ataria 2022ko abuztuaren 20a

Ez da lehen taldearekin ariko den lehen denboraldia aurrelariarentzat, baina bai talde nagusian bere zenbakia izango duen aurreneko aldia. Egunotan Munduko Txapelketa ari da jokatzen, 20 urtez azpikoen Espainiako selekzioarekin.

Maiatzan, Izarne Sarasola futbolari ibartarrak Realaren lehen taldearekin bi urterako kontratua sinatu zuela baieztatu zion ATARIA-ri. Bere ametsa egia bihurtu zela aitortu zuen orduan. Astelehenean, Realak jakitera eman zuen bigarren taldetik lehen taldera igo diren lau jokalariek zein dortsal jantziko dituzten denboraldi honetan, eta Sarasolak 14a eramango du soinean.

Ez da lehen taldearekin ariko den lehen denboraldia aurrelariarentzat, baina bai talde nagusian bere zenbakia izango duen aurreneko aldia. Iaz, Realaren bigarren taldeko fitxarekin hasi zuen denboraldia, baina berehala lehen taldera igo eta bertan geratu zen.

Txapeldunen Liga

Azken denboraldian, lehen aldiz lortu zuen Realak Txapeldunen Ligarako sailkatzea, eta lorpen horren parte izan zen Sarasola. Txapeldunen Ligako ligaxken fasera sailkatzeko, ordea, aurrekanporaketa jokatu beharko du Realak; oraindik zehazteko dago zein talderen aurka eta noiz jokatuko duen.

Aurrez, Munduko Kopan

Egunotan 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa ari da jokatzen Sarasola Espainiako selekzioarekin, Kosta Rican. Taldekako fasean, A multzoko talde onena izan zen Espainia, eta lehen postuan sailkatu zen final-laurdenetarako. Lehen partidan, hutsean berdindu zuen Brasilekin; Sarasolak ez zuen minuturik jokatu. Hurrengo partida osorik jokatu zuen ibartarrak, eta Espainiak 0 eta 5 hartu zuen mendean Costa Rica. Azken partidan, aulkitik atera eta ordu erdi jokatu zuen Sarasolak, eta azkenean, 0 eta 3 irabazi zion Espainiak Australiari.

Gaur gauerdian (hemen 00:30ean) jokatuko du Espainiak final-laurdenetako neurketa Mexikoren aurka. Kolonbia-Brasil, Nigeria-Herbehereak eta Japonia-Frantzia izango dira kanporaketako beste partidak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!