ELKARRIZKETA

«Nire ametsa egia bihurtu da»

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 22a, 07:57
Realaren lehen taldearekin hitzarmena sinatu berri du Izarne Sarasolak. REAL SOCIEDAD

Denboraldi oso berezia izan da Izarne Sarasola (Ibarra, 2002) futbol jokalariarentzat. Realaren bigarren taldeko fitxarekin hasi zuen, baina berehala lehen taldera igo eta bertan geratu da. Lehen aldiz lortu du Realak Txapeldunen Ligarako sailkatzea, eta lorpen horren parte izan da Sarasola. Gainera, bi urterako sinatu du Realaren lehen taldearekin.

Realearen jokalari ibartarrak denboraldi honetan bizitu duena «ikaragarria» izan dela dio, eta nabarmendu du bizipen horiek hogei urte bakarrik izanik bizitu dituela. Realaren lehen taldeko jokalaria izatea txikitatik zuen ametsa izan da, eta hori bete du.

Txapeldunen Liga jokatuko duzue datorren denboraldian. Lortu duzue helburua.

Denboraldi hasieran inork ez zuen konfiantzarik gugan, aldaketa asko izan baitziren aurreko denboralditik. Baina partidak irabazten joan ahala, guk argi genuen gure helburua bigarren geratzea zela, eta nahiko sufrituta, baina azkenean lortu dugu helburu hori.

Nola bizitu duzue aldagelan denboraldiaren azken zatia?

Esan bezala, inork ez zuen espero hain denboraldi ona egitea. Baina gure buruarengan konfiantza genuen, eta azken partida hauetan argi genuen helburua lortuko genuela. Egia da presioa nabaritzen zela, entrenamenduetan-eta tentsioa zegoela, baina jakin dugu aurrera eramaten, eta dena ondo atera da.

Zer suposatzen du taldearentzat lorpen horrek?

Historia egin dugu, eta guretzat sekulakoa da. Bai klubarentzat, bai jokalariarentzat, bai entrenatzailearentzat. Oso harro gaude denak, eta oso pozik. Hogei urterekin hau bizitzea ikaragarria izan da, eta ahaztuko ez dudan esperientzia bat.

Nola bizitu duzu zuk zure denboraldia?

Nik berez beheko taldeko fitxa izan dut, baina San Mamesen jokatu nuenetik dena goiko taldearekin egin dut, eta nahiz eta lehen urtea izan, uste dut lehen taldean ondo egokitu naizela. Asko lagundu didate bai jokalariek, bai entrenatzaileak, denek orokorrean, eta oso gustura sentitu naiz. Lehen esandakoa, hogei urterekin hau bizitzea izugarria izan da.

San Mamesen egin zenuen debuta, beraz. Noiz izan zen zehazki?

Denboraldiko bigarren partidan izan zen. Nire postuan jokatzen duena, Nuria, lesionatuta zegoenez, jokatzea tokatu zitzaidan. Partida on bat egin nuela uste dut, eta hortik aurrera esan daiteke Nataliak [Natalia Arroyo entrenatzailea] nigan konfiantza izan duela, eta minutu dezente jokatu ditut lehenengo urtea izateko.

Sekulako denboraldia egin duzue, eta zuk, gainera, hasiera batean ez zenuen espero horren parte izatea.

Ba ez, egia esan. Udan izan ziren aldaketekin, inork ez zuen espero, eta nik ere ez nuen espero hainbeste parte hartze izatea lehen taldearekin. Azkenean txikitatik nire helburua hau izan da, eta ikusten da pixkana lortu dudala. Futbola txikitatik gustatu izan zait, eta nire betiko ametsetako bat izan da lehen taldera iristea, eta hori lortu dut.

2018an Tolosa CF-tik Realaren bigarren taldera joan zinen, 16 urterekin. Nola oroitzen duzu une hori?

Txikitatik Tolosan jokatu dut, eta noizbehinka joaten ginen torneoak jokatzera Realarekin. 2018an Realaren bigarren taldea sortu zenean bertara joan nintzen, eta bertan eman nituen hiru denboraldi. Azken hau lehen taldean egin dut. Oso gustura egon naiz orain arte, eta espero dut horrela jarraitzea.

Eta zer suposatu du bigarren taldetik lehen taldera salto egiteak? Alde handia dago?

Aurreko urtean tarteka igotzen nintzen entrenatzera, eta egia da gehiago kostatzen zitzaidala erritmo aldetik eta baloiarekin nola jokatu-eta. Baina aurtengo honetan denboraldiaurrean nahiko azkar egokitu naiz, eta hortik aurrera nahiko ondo moldatu naiz, bai erritmo aldetik, bai fisikoki... Orokorrean ondo egokitu naizela esan daiteke.

«Ez nuen espero hainbesteko parte hartzea izatea lehen taldearekin»

Bigarren taldeak Tolosa CF-ko lehen taldea izan du aurkari 1. Maila Nazionalean. 

Bai, horrela da. Aurreko urtean ere aurkari izan ginen, eta beti egin dit ilusioa Tolosaren aurka jokatzeak. Denboraldi honetan ez dut aukera hori izan, baina partida ikustera joan nintzen, eta bi taldekoei animatu izan diet.

Nolabait jarraipena egiten diozu Tolosari? Lagunak eta ezagunak izango dituzu...

Bai, horregatik. Tolosan beti sekulako harremana izan dut jokalariekin, eta harreman hori izaten jarraitzen dut, eta beraiek ikusteak ilusio egiten du.

Zer esan dizute? Bai Realaren lehen taldean aritzeagatik eta baita Txapeldunen Ligara sailkatzea lortzeagatik?

Nitaz harro daudela, lortu dudanagatik. Aurrekoan garaikur bat ematera joan nintzen Nescup Torneora, eta horrelako gauzek ilusioa egiten dute. Zutaz gogoratzen direla ikusteak ilusioa egiten du.

Bigarren taldetik lehen taldera pasatzean ezagunagoa zarela nabaritzen da?

Bai, orain jende gehiagok ezagutzen nau, eta hori polita izaten da. Oraindik gaztea naiz eta ikustea erreferente bat naizela gazteentzat, polita da.

Nerea Eizagirre da eskualdeko beste jokalaria lehen taldean. Aurretik elkar ezagutzen zenuten?

Bai, baina bera Tolosatik Añorgara joan zen eta gero zuzenean lehen taldera igo zen. Ezagutzen nuen, Euskal Herriko selekzioan-eta bat egin dugu noizbait. Egia da bera beti zaharragoekin egon dela. Lagunak izan gara betidanik, futbolaren munduan ibili garelako biak, eta niretzat babesa izan da.

Gainera, Eizagirre kapitaina izanik, taldeko berriei laguntzea tokatzen zaio, besteak beste.

Bai, hori da. Babes handia izan da niretzat, eta baita behetik igo diren beste jokalarientzat.

Emakumezkoen futbola azkenaldian albiste izan da: liga profesionala bihurtu da. Beharrezko pausoa zen?

Nik, egia esan, ez dut gehiegi ezagutzen kontu hori, eta are gehiago nire lehenengo urtea izanik. Baina bai, profesional izatea zen helburua. Merezi dugun gauza bat da; egindako lanak ekarri duen fruitu bat izan da, eta uste dut oraindik hazten joan behar duen kontu bat dela.

«Liga profesionala izatea merezi duguna da»

Gaur egun, futbola da zure egiteko nagusia?

Futbolaz aparte orain goi mailako ziklo bat ari naiz ikasten. Aurreko urtean Eason egiten nuen, Donostian, baina denboraldi honetan goizez entrenatzen genuenez, Madrileko eskola batean aritu naiz Internet bidez. Nahiko ondo moldatu naiz, eta bi egitekoak uztartu ahal izan ditut.

Datorren denboraldiari begira zertan nabarituko duzue liga profesionala izatea?

Hitzarmen bat sinatuko da, gutxieneko soldata batekin. Horrez gain, amatasun bajaren inguruko kontuak ari dira negoziatzen. Aurten sindikatu berri bat atera da, Futpro izenekoa, eta bera ariko da baldintzak negoziatzen.

Zer falta da gizonezkoen futbolak dituen baldintzetara iristeko?

Asko falta da, baina ea pixkana lortzen dugun parekatzea.

Azken partida Reale Arenan jokatu zenuten igandean, Alavesi 6-1 irabazita. Nolakoa izan zen partida?

Bigarren postu hori lortuta azken partida hori disfrutatzekoa izan zen. Denok merezi genuen disfrutatzea, eta etxeko lanak eginda, gure zelaian jokatzea plazer bat izan da. Nahiz eta helburua lortuta eduki, gure zelaian eta gure afizioaren aurrean ondo bukatu nahi genuen denboraldia. Irabaztera joan ginen, eta garaipen oso on bat lortu genuen. Afizioa oso ondo egon zen, momentu oro animatzen, eta gero beraiekin ospatu genuen. Oso pozik, beraz, lortutako emaitzarekin, eta denboraldia nola bukatu dugun ikusita. 

Bukatu da, beraz, denboraldia?

Aste honetan izan ditugu entrenamenduak, eta gero oporrak edukiko ditugu.

Oporrak ohi baino motzagoak izango dira, Txapeldunen Liga jokatu behar duzuelako?

Bigarren geratzean, irailean hasiko denez, uztailean hasiko dugu denboraldiaurrea. Hirugarren geratuz gero, lehenago hasi beharko ginateke entrenatzen, abuztuan lehen atarikoa izango genukeelako. Beraz, bi hilabeteko oporrak izango ditugu.

Noiz hasiko zarete Txapeldunen Ligan lehiatzen?

Joan-etorriko partida izango da, eta irailaren hasieran izango da, liga hasi aurretik. Oraindik ez dakigu zeinen kontra jokatuko dugun, hirugarren geratu direnek aurrekanporaketak jokatu behar dituztelako.

Zuen asmoa, noski, kanporaketa irabazi eta ligaxkan sartzea izango da.

Bai, hori da. Gure helburua hori izango da, eta orain ikusi beharko dugu zein izango dugun aurkari. Europan maila handia dago emakumezkoen futbolean, Frantzian eta Ingalaterran, adibidez.

Eta aurrera begira, zein da zure egoera Realean? Lehen taldean egongo zara datorren denboraldian?

Bai, konfirmatu didate datorren urtean lehen taldeko jokalaria izango naizela, eta bi urterako hitzarmena sinatu dut. Nire ametsa egia bihurtu da, egindako lanaren fruitua izan da eta oso pozik nago bertan jarraituko dudalako.

Behin lehen taldeko kide izatea lortuta, hurrengo pausoa titular izatea da?

Beno, asmoa da pixkana gehiago jokatzea, neure buruarekin konfiantza gehiago izatea, segurtasun gehiago izatea, eta ikustea gai naizela lehenengo mailan jokatzeko.

MOTZEAN

Jokalari bat?

Nuria, nire taldekidea. Nire postuan jokatzen du, eta esango nuke ligako ezker hegaleko defentsa onena dela. Bere pausoak segitzen ari naiz, eta erreferente bat da ni hobea izateko.

Partida bat?

Valentziaren aurkako partida. Oso gustura atera nintzen, eta nire lehenengo asistentzia egin nuen. San Mamesen jokatutakoa ere bai, nire debuta izan zelako. Gustura bukatu nuen, baina amaieran ezin nituen hankak mugitu ere egin.

Jokaldiren bat?

Valentziaren aurkako asistentzia. Amaiurri pasa nion, aurkaria atzean utzi, Amaiurrek pasa zidan, erdiratzea egin eta Allegrak buruz sartu zuen.

Lortutako titulu bat?

Realaren bigarren taldearekin Euskal Ligatik 1. Maila Nazionalera igo ginenean. Bi urtez mailaz igo ginen jarraian.

Amets bat?

Munduko Txapelketa batean parte hartzea.

Gola sartzea edo azken pasea ematea?

Biak. Baina agian nire postuarengatik golak sartzea ez da errazena, beraz, azken pasea ematea.

Futbolaria ez bazina?

Txikitatik esan dut soinketako irakaslea izan nahi nuela, eta orain, gradua bukatzen dudanean, nire asmoa karrera ateratzea da eta egunen batean irakaslea izatea.

Argazkiak: IMANOL GARCIA LANDA eta REAL SOCIEDAD.

Erlazionatuak

Urte historikoa

Imanol Garcia Landa 2022 mai 22 Ibarra   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!