Herrietan komertzio txikiak dira kaleari bizitza, argia eta kolorea jartzen diotenak. Garbi dute, azken batean, beraiek direla herria sustatzen dutenak. Herritarrak herrian bertan erostera animatu nahi ditu elkarteak eta horretarako iaz bonu kanpaina egin zuten. Kanpainak «arrakasta» handia izan zuela kontatu dute elkarteko kideek. Beste herri batzuetan ere egin izan dira, baina udalak bultzatuta izan direla zehaztu dute. «Elkarte txiki batek honelako bonu kanpaina bat bere gain hartzea esfortzu nahiko handia izan zen», esan dute.
Merkatariek kuota txiki bat ordaintzen dute, eta gero urte osoan zehar kanpaina ezberdinak egiteko baliatzen dute. Elkartekideek hilean 10 euro ordaintzen dituzte. Elkartea sortuta, diru laguntza jasotzen dute bai udaletik eta baita Eusko Jaurlaritzatik ere. Diru horrekin egiten dituzte kanpaina ezberdinak, eta elkartearen barruan dauden merkatariak ari dira egiten lan guzti hori.
Herrira begirako lana
«Zein kanpaina mota nahi duten, zer izango den onuragarriena pentsatzen dute, bai bezeroentzat eta baita beraientzat ere», azaldu dute. Zozketa bidezko kanpainak ere egiten dituzte, eta esaterako, piper garaian, piper landareak ere oparitu izan dituzte.
Gabonetako kanpaina elkarte guztiek egiten dute, eta Ibarran ere garai garrantzitsua izaten da salmentei begira, eta kaleko argiterian ere arreta jartzen hasita daude. Elkarteak herriko beste eragileekin saretzea ere bilatzen du, eta esaterako, Galtzakomik lehiaketarekin edota Lauburu Futbol elkartearekin elkarlana sustatzen dute. Sarien bidezko kolaborazioak egiten dituzte, hau da, herrian bertan kontsumitzeko diren erosketa txekeak ateratzen dituzte.
Euskara ahoan
Euskararekin ere bat egiten du Ibarrako Merkatari Elkarteak, eta aurtengoa urte berezia dute. Alde batetik, Kilometroak festa egingo da urrian, eta urtean zehar hainbat eta hainbat ekimen antolatzen ari direla kontuan izanda, herriko dendetan ere eragin positiboa izatea espero dute.
Beste aldetik, 22. Korrikak herria zeharkatuko duela jakinda, merkatari elkarteak ere bere ekarpena egingo du. Honela, hainbat eragileren artean erositako kilometroan bere zatitxoa du.
IBARRAKO MERKATARI ELKARTEA
- Telefonoa. 688 885 496
- Helbide elektronikoa. merkataritza.tolosa@gmail.com