Gaztezuloko gaztetxoek Korrikarako hainbat egitasmo prestatu dituzte

Ataria 2022ko api. 6a, 18:00

Azken asteetan Korrika datorrenerako egitasmoak prestatzen aritu dira Ibarrako Gaztezulon DBH 1, DBH 2 eta DBH 3ko ikasleak; ostiral arratsaldean egingo dituzte, plaza inguruan.

Gaztezulora doazen gaztetxoak irrikaz daude Korrika iristeko. Eta besteak beste, azken asteetan buru-belarri ibili direlako ostiralerako egitasmo ezberdinak prestatzen. Arratsaldean zehar, egitarau oparoa antolatu dute, eta talde bakoitza bere egitasmoa antolatzen eta aurrera eramaten arituko da.

Batetik, DBH 1. mailan daudenek Korrikako abestia zeinu hizkuntza bidez prestatu dute. "Gure klasean ikaskide gor bat dagoelako prestatu dugu abestia zeinu hizkuntzan", azaldu dute ikasleek. Ikasle horren irakasleari galdetu zien lehendabizi ea posible ote zen zeinu hizkuntza bidez abestia osatzea, eta ondoren, guztia ikasi eta bideo batean bildu dute. Sare sozialen bidez zabaldu dute bideo hori, eta ostiralean 16:30ean geratu dira dantza errepasatzeko eta ordu erdi beranduago abesti osoa plazaratuko dute, bideo bidez grabatzeko. "Egun horretarako jendeak etxean ikas dezan nahi dugu, eta plazara etorri eta gurekin batera dantzatzea".

Bestalde, DBH 2. mailakoek ginkana bat prestatu dute, haurrentzat. "Azken asteetan Gaztezulon arituko gara guztia prestatzen, lau bat ordu pasa ditugu", esan dute. Ostiralean, 17:30ean hasita izango da eta herrian zehar egingo dute, gune ezberdinetan. Sei talderentzat prestatu dute, eta parte hartzen duten ikasleen zenbatekoaren arabera izango da kopurua. "Jolas originalak prestatu ditugu, beti egiten ez direnak, jolas berriak probatzeko helburuarekin prestatu dugulako".

Azkenik, DBH 3. mailakoek munduko mapa bat osatu dute eta Ibarran hitz egiten diren hizkuntza guztiak bildu nahi dituzte mapa horretan. "Mapa koloreztatu dugu dagoeneko, eta herrialde bakoitzeko banderak mozten ere aritu gara", kontatu dute. Korrikaren leloa den Hitzekin hitza, hizkuntza ezberdinetan idatzi eta mapan kokatu nahi dute. 16:30etik 19:00etara Ibarrako plazan jarriko dute mapa hori, eta bertaratzen denak bere hizkuntzan hitza idatzi eta mapan kokatzeko aukera izango du. "Mapa horri begira ikusiko dugu zenbat hizkuntza mintzatzen diren Ibarran".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!