Irakasleen prestakuntza masterrak aukera eman dio ikastetxe barruko funtzionamendua ezagutzeko. «Askotan ematen du irakastea gauza erraza dela, baina atzean lan handia dago. Curriculumak, maila bakoitzean egiten diren eskakizunak, helburuak... Konturatu naiz atzean lan handia dagoela, ez dela zeregin erraza eta eginkizun potoloa dela irakaskuntzarena». Masterrean eduki teorikoez gain, zortzi asteko praktikaldia egiteko aukera izaten dute ikasleek. Villabonako Erniobea BHIn aritu da Otamendi martxotik maiatzera, fisika eta kimikako eskolak ematen DBHko 2, 3, 4. mailetan.
«Oso gustura aritu naiz eta ondo moldatu naiz nire tutorearekin eta baita ikasleekin ere», esan du irakaslegai ibartarrak. Sumatu du zientzia gaiekiko ikasleek «beldurra» izaten dutela askotan. «Ni ikasle nintzen garaitik gauza batzuk aldatu dira baina beste batzuk ez. Materia berdintsuak jorratzen dira eta pena ematen dit nola jarraitzen dugun edukiak memorizatzen. Uste dut teknologiak aurreratuta daudela gaur egun eta eduki horiek barneratzeko beste modu batzuk erabili daitezkeela».
Ikasleek nahiago dituzte esperimentuak eduki teorikoak baino. Manipulatzeak, errealitatean zientzia non dagoen ikusteak, gerturatu egiten ditu zientziara. Otamendiren ustetan, ordea, irakaskuntza prozesua ez da praktika horietan oinarritzen, eduki teorikoaren «osagarri eta lagungarri» bezala ulertzen dira ia beti: «Irakasleek aipatu izan dizkidate denbora eta baliabide falta horrelako jarduerak antolatzeko. Eduki teorikoen zurrunbilo horretan sartzen dira eta aukera gutxi izaten dute bestelako metodologiak probatzeko. Kanpotik esatea erraza da, baina praktikaldian eskolak eman nituenean ni neu ere dinamika horretan sartu nintzen. Zaila da horri ihes egitea».
Unibertsitatean ikertzen jarraitzen du Otamendik eta gustatuko litzaioke zientziaren atzean ikerlari bezala ezagutu duen mundu hori irakaskuntzara eramatea. «Konpetentzia eta gaitasunez asko hitz egiten da irakaskuntzan eta iruditzen zait zientzialari batek egunero egiten dituen jarduerak oso lotuta daudela horrekin. Arazo bat aztertu, ikertu, hipotesiak sortu eta behatu egiten dugu ikerlariok. Pentsatzeko modu bat dakar metodo zientifikoak eta pertsona bezala hiritarrak hezteko balore batzuk transmititzeko balio duela uste dut».
Egunerokotasunera hurbildu
Egunerokotasunean oinarri zientifikoa duten gai asko sortzen dira eta eskoletan horiei heltzeko proposamena luzatu du Otamendik. Kultura zientifikoa garatzeko abiapuntua ikasgelak behar duela uste du. «Oinarri zientifikoa baliagarria da ikasleek iritzi kritikoa landu dezaten. Orain pandemian, adibidez, irakurri izan ditugun titular sentsazionalistek erakusten dute, horrelako gaiak txikitatik landu beharra daudela ikasgelan», dio zientzialari eta irakaslegai ibartarrak. Edukiak nola irakatsi aztertzeaz gainera, zein eduki klase landu beharko liratekeen ere aztertu beharra dagoela dio Otamendik: «Berriz begiratu beharko lirateke horrelako gauzak, urteotan ez baitira gauzak asko aldatu. Pentsatu beharko genuke gutxieneko zein jakintza eduki beharko luketen gure gaztetxoek. Formulazioa eta nomenklaturak ematen ditugu, burdin oxidoa esaten dakigu baina gero ez dakigu hori herdoila dela. Errealitatean zein erreakzio kimiko ematen diren erakutsi beharko genuke. Ikasleengana gerturatu eta egunerokora hurbildu behar dugu zientzia».
Bizilabe egitasmoaren barruan Elhuyarrek ZTIAM gaien inguruan DBHko ikasleen galdetegia oinarri hartuta Otamendik master amaierako lana prestatu du, «justu buelta emanda, ikasleei beharrean eskualde ikastetxe ezberdinetako irakasleei galdetuta». Besteak beste, bere usteak berretsi dituzte zientzietako ikasgaiak ematen dituzten irakasleek: «Aipatu didate edukiak emateko denbora falta, curriculuma zabalegia dela, gauzak ondo ezin emanaren presioa sentitzen dutela eta bestelako baliabideak erabili daitezkeen arren harrapatuta sentitzen direla bere eguneroko lanean». Urte hasieran Elhuyarrek ezagutzera emandako datuek zioten genero-estereotipoek indarra dutela gaztetxoek dituzten interesetan. Harago jo du Otamendik: «Gehien kezkatzen nauena da neskek ez dutela beren burua gai ikusten zientzia edo teknologien arloan aritzeko. Beldurgarriak dira portzentajeak. Oso adin goiztiarretan nabari da neskek fede gutxiago dutela beren buruarengan. Eta hori oso larria iruditzen zait».
Otamendik berean jarraituko du behintzat: unibertsitatean ikerkuntzan eta irakaskuntzarako atea zabalik. «Iruditzen zait oraindik badudala ikerkuntzan ibilbide bat egiteko eta bertan ikasitakoa balia dezakedala etorkizunean irakasle izateko».