Eskualdeko erronka nagusien artean jarri du Tolosaldea Garatzenek gazteak zientzia eta teknologia gaietara gerturatzea. 2021. urte hasieran Elhuyarrek ZTIAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) gaien inguruan DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek duten pertzepzioari buruzko galdeketa egin zuen, eta oro har, emaitzek erakusten dute zientzia arloko ikasgaiekiko interes maila baxua dutela eskualdeko gaztetxoek.
Josu Lopez-Gazpio (Tolosa, 1987) zientzialari, irakasle eta Tolosaldeko Ataria-ren kolaboratzailearen ustetan zaila da 12 eta 18 urte arteko ikasleen artean zientzia gustuko duen norbait aurkitzea: «Gehienei zientzia aspergarria egiten zaie, kontzeptu zailak lantzen direnaren ustea dute eta urrutikoak egiten zaizkie gai hauek». UEUk, EHUren zentro atxikiaren bidez, euskaraz eta online eskaintzen du irakasleen prestakuntza masterra eta bertan irakasle dabil Lopez-Gazpio. Master honek DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasle izango direnak prestatzea du helburu espezialitate hauetan: Natur Zientziak eta Matematika; Giza eta Gizarte Zientziak eta Hizkuntza eta Literatura.
Bigarren hezkuntzan ere aritu izan da aurretik Lopez-Gazpio eta ikasleek duten erreferentzia faltaz hitz egin du: «Pentsatzen dute zientzialaria izaten dela laborategian sartuta egoten den pertsona bat, beste bizitzarik ez duena». Hori ez da horrela, ordea, eta ikuspegia aldatu beharra dagoela uste du tolosarrak. «Jakin-mina piztu behar zaie ikasleei txikitatik. Saiatzen naiz masterrean irakaslegaiei hori transmititzen, zientzia beste modu batera irakatsi daitekeela, ez duela zertan terminologia zailekoa izan behar. Zientzialariok eskuartean erabiltzen ditugun gaiak eguneroko bizimoduan eragina dute. Aktualitatearekin zerikusia duten eta hedabideetan agertzen diren albisteak erabili daitezke, adibidez, biologia, kimika edota matematika esplikatzeko».
Zientziaz asko, ez beti ondo
UEUk antolatzen duen irakaskuntza masterrean natur zientziak eta matematika arloko koordinatzailea da Lopez-Gazpio eta irakaslegaien praktikaldiko arduraduna. Zientziaren didaktikaz maila teorikoan gauza asko landu diren arren, uste du oraindik ere bide luzea dagoela egiteko. Proiektuka lan egitea eta eguneroko gauza praktikoekin kutsadura, genetika, bioteknologia zientzia gaiak lotzea aipatu ditu adibidetzat.
Josu Lopez-Gazpio: «Kontzeptu zailak lantzen direnaren ustea dute eta urrutikoak egiten zaizkie gai hauek»
Fisika eta kimikaren irakaskuntza, matematikaren irakaskuntza eta mundu garaikiderako zientzia ikasgaiak irakasten ditu Lopez-Gazpiok masterrean. «Kultura zientifikoaren falta badago eta kultura hori txikitatik, landu beharra dagoela uste dugu. Gaur egun gai zientifiko horietan sakontzeko interes falta sumatzen da gizartean, jendeak gai konplexuegiak direla pentsatzen duelako, edo askotan ez direlako ongi azaltzen. Baina interesik azaltzen ez badugu, erabakiak beste batzuk hartuko dituzte gure partez. Energia nuklearra eta energia eolikoaren artean zein diferentzia dagoen ez badakigu, energia motaren inguruan erabakiko dute eta guri ez zaigu beste erremediorik geratuko, geroz eta garestiago kobratuko diguten elektrizitate faktura ordaintzea baino».
Kultura zientifikoak jarrera kritikoa edukitzea eta metodo zientifikoan oinarritutako argudioak eskatzen ditu. Azkeneko urte eta erdian koronabirusak eragindako pandemian horrelakoen falta sumatu du Lopez-Gazpiok: «Gauzak ez dira behar bezala egin. Jendeak interesa agertu du eta gauza asko argitaratu da komunikabideetan baina askotan ez dakit ulertu ote den zientziak bestelako moduak dituela lan egiteko. Zientzia ez da titular handietarako, denbora behar duten ikerketak eskatzen ditu, baieztapen bat berrestea kosta egiten da. Konplikatua da ondorio batzuetara iristea, kontsentsu zientifikoa behar da eta momentuan argibideak ezin emateak ez du esan nahi zientziak gaizki funtzionatzen duenik, bere denbora behar duela baizik».
Asko hitz egin da pandemiaz, baina ez beti ongi. Horrela uste du zientzialari tolosarrak: «Komunikazio arazo bat egon da. Gehiegizko informazioa eman da, askotan kontrastatu gabekoa. Berehala albistea eman behar horrekin ez dira gauzak ondo azaldu eta datu asko eman dira testuingururik gabe, modu nahikoa alarmista eta sentsazionalistan». Egoera horri aurre egiteko kultura zientifikoa zabaldu beharra dagoela argi ikusten du Lopez-Gazpiok. «Agian ez kimikako formulazioa, baina metodo zientifikoa zer den eta zientziaren araberako zentzu kritiko bat edukitzea zer den jakitea garrantzitsua da. Guztiontzat da beharrezkoa, ez bakarrik zientzietako ibilbidea aukeratuko duten ikasleentzat, baita gizarte gaietan arituko direnentzat ere».
Josu Lopez-Gazpio: «Hedabideetan agertzen diren albisteak erabili daitezke, adibidez, biologia, kimika edo matematika esplikatzeko»
Masterrean formazioa jasotzen duten irakaslegaiak etorkizunean bigarren hezkuntzan, batxilergoan edo lanbide heziketan arituko dira irakasle. Asko emakumeak. «Gure masterrean izena ematen dutenen artean gehiengoa emakumeak dira. Badirudi estereotipoek zaintzara eta irakaskuntzara bideratzen dituztela emakumeak eta ez hainbeste ikerketara edo enpresa mundura». ZTIAM gaien inguruko galdetegian ere, nabarmen geratu zen genero-estereotipo tradizionalek gazteek duten interesean eragina dutela. Oro har, neskek interes handiagoa erakusten dute gai desberdin ugaritan, eta mutilen interesa askoz ere fokalizatuagoa dago. Nesken intereseko gai ugari horietan, toki txikia hartzen dute zientziak eta teknologiak; mutilen interesetan, ordea, handia. Neskek biologian eta kimikan dute interesik handiena; mutilek, aldiz, teknologian eta informatikan. «Emakume zientzialarien erreferentzia falta ere badute ikasleek eta hezkuntza arautuan erreferente horiek ezagutaraztea ere bada etorkizuneko irakasleen eginbeharra», dio Lopez-Gazpiok.
UEUk antolatzen duen masterrean izena ematen dutenen profilari begiratuta, irakasle tolosarraren iritziz, asko dira behin gradua amaitu eta ikerketa munduan edo enpresa munduan ibilbidea egin ondoren irakaskuntzaren leihoa zabaldu nahi dutenak. «Ikerketan jarraitzeko askotan ez dute baldintza egokirik izaten eta irakaskuntza bada irtenbide egokia euren bokazioarekin jarraitu ahal izateko». Hori, Lopez-Gazpiok berak egiten duen bezala, dibulgazioarekin tartekatuta.