Kultur taldeak, kultura gelditu ez dadin

Irati Saizar Artola 2021ko eka. 19a, 07:57
2019ko jaietako kale antzerkiko irudia, Hauspoa kultur elkartearen eskutik . I. URKIZU

Ibarrako Hauspoa kultur elkarteak 23 urte daramatza kulturaren inguruan lanean, eta pandemiak hainbat ekintza egitea eragotzi badie ere, lanean jarraitzeko gogoz dira; esaterako, uztailaren 9rako, ED3 Akustikoan ikuskizuna dakarte Ibarrara. Aurreratu dute irailean Piperraren Azoka antolatzeko asmoa dutela, modu xumeagoan bada ere.

Kultur ekintzak antolatzeko sortutako taldeak dira kultur elkarteak. Eta helburu berarekin sortu zen duela 23 urte Hauspoa kultur elkartea, Ibarran. Ordutik, hamaika ekitaldi antolatu dituzte herrian eta herritarrentzat; batzuk egonkortuta dituzte, nahiz eta, azken urte honetan ez duten aukerarik izan behar bezala egiteko.

1998an, Tolosan Kilometroak ziren ospatzekoak, eta antolatu ahal izateko Ibarrako elkarteei laguntza eskatu zitzaienean hasi zen forma hartzen Hauspoa, Txibi Uberetagoena lehendakariak honela azaldu du: «Herrian kilimak kultur taldea zegoen aurretik, udaletik sortutako taldea zen, eta hura desagertzean, Kilometroak iritsi ziren, eta baliatu egin genuen kultur talde bat sortzeko, herriko eragile eta elkarteak elkartuko zituena».

Taldearen sorreran, herriko elkarte bakoitzetik ordezkari bana elkartzen hasi ziren. Urte batzuetan zehar mantendu ahal izan zutela dinamika hori azaldu du Onintza Aranalde Hauspoa elkarteko lehendakariordeak, baina, pixkana «indarra galtzen» joan dela. Gaur egun, elkarteetako ordezkari bakan batzuk direla azpimarratu du Aranaldek, eta norbanako gehiago dira taldea osatzen dutenak. «Berez, herriko elkarte guztien elkartea da».

Urtean zehar, ekitaldi jakin batzuk antolatzen ditu Hauspoa kultur elkarteak, eta horrek, egonkortasuna ematen dio taldeari, Aranalderen arabera: «Bospasei ekintza urtero egiten ditugunak dauzkagu, eta horri esker mantentzen da taldea, aitzakia izaten dugu elkartzeko, bai antolatzeko, eta baita egin ondorenean balorazioa egiteko ere».

Uztailaren 9rako ari dira hurrengo ekintza prestatzen. Tartean teatroa konpainiaren eskutik, ED3 Akustikoa ikuskizuna izango da Ibarran, 22:00etan. «Urtean zehar sortzen dira horrelako ekintzak, eta kokatzen ditugu gure egutegian; aurten, festarik ez dugu izango eta herri antzerkia behintzat ezingo dugu aurrera atera, ea bertso saioa antolatzeko moduan garen», dio Uberetagoenak. Izan ere, bi hitzordu horiek dira Hauspoa kultur elkartearen ardura nagusiak San Bartolome jaietan.

Hala ere, iaz egin ez zuten urteroko ekintza bat prestatzen hasiak dira irailerako: Piperraren Azoka. «Saiatzen ari gara gauzak antolatzen; izan ere, uztea oso erraza da, baina gero berriro hartzea kosta egiten da; modu xumeago batean bada ere, gauzak antolatzen jarraitu nahi dugu, jendea aktibo mantentzeko».

Herriko festa eta iraileko azokaz gain, babarrun jatea, Olentzero eta Mari Domingiren jaitsiera, Santa Eskea, Kaldereroak edota San Joan sua antolatzen dituzte, urtero. «Korrika edo halakoren bat badago ere, kasu berezia egiten saiatzen gara, eta gero, sortzen diren ekintzak antolatzen ditugu».

Gazteei begira 

Hauspoa elkarteko kideen adinaren bataz bestekoa «50 urtetik gorakoa» dela dio Aranaldek, barrez, baina kezkatuta. «Orain hasi dira gazte batzuk inguratzen eta guk gazteek ere gauzak antolatzen ikas dezatela nahi dugu». Hala ere, uste dute gauzak antolatzerako orduan erakunde aldetik erraztasunak jarri behar direla, oztopoak baino; izan ere, «eskakizun formalak geroz eta zorrotzagoak dira».

Hauspoaren helburuen artean dago orain, belaunaldi berriei bide eman eta irakastea: «Proposamenak ekartzeko esaten diegu eta antolatzen saiatzeko, gu ondoan izango garela eta baliabide logistikoak jarriko ditugula; bidea erraztu nahi diegu».

Tolosaldera begira 

Eskualdeko kultur taldeek elkar ezagutzea nahiko lukete Hauspoa elkarteko ordezkariek, elkar laguntzeko: «Faltan botatzen dugu elkarren arteko harreman bat ez egotea, agian, elkarlanean agenda bat osatu daiteke, edota bakoitzak bere herriko agenda egiten badu ere, zabalpena egingo genuke gainerako herrietan». Saretzeko saiakera egitea egoki ikusten dute, Tolosaldeko kultur taldeak noizbehinka elkartu eta asmoak elkarbanatzeko. «Ikusita geroz eta zailtasun gehiago daudela gauzak antolatzeko, momentua izan daiteke elkarri laguntzeko».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!