ELKARRIZKETA

«Herria biltzeko eta harremanak egiteko tokia da»

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 19a, 07:58
Itsaslore Yarza herritarrak eta Gorka Murua alkateak Irurako Kultur Mahaian hartzen dute parte. J.M.

Herrian abiatu duten dinamikarekin gustura agertu dira Gorka Murua Makuso (Irura, 1976) alkatea eta Itsaslore Yarza Lopez (Gallarta, 1982) herritarra. Irurako Kultur Mahaiak bizitza luzea izatea espero dute.

Irurako eragileek antolatutako ekitaldiak koordinatu eta askotariko jarduerak sustatzeko zeregina du kultur mahaiak; inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu eta herritarren arteko sarea sendotzeko balio izan du ekimenak.

Non du sorburua Irurako Kultur Mahaiak? 

Gorka Murua: Iruran beti funtzionatu izan du jai batzordeak, baina konturatuta geunden aspaldian formatu hori agortuta zegoela. Duela urtebete pasatxo zerbait berria egitea pentsatu genuen. Irura Bizi elkartea ere orduantxe sortu zen eta egokia ikusi genuen beste eragileekin, kultur eta kirol elkarteekin harremanetan jarri eta zerbait amankomuna sortzea. Elkartuz iruditzen zitzaigun gauza politak egin zitezkeela eta eragileei antolatutako ekimen horien zabalkundea egiteko bitarteko bat eskaintzen geniela, joan den udazkenetik hilero ateratzen dugun aisialdi gida delakoarekin. 

Itsaslore Yarza: Niretzako oso interesgarria da. Bi urte daramatzat Iruran bizitzen eta lagunek hitz egin zidaten lehen aldiz kultur mahaiaz. Ekimen bikaina iruditzen zait eta ni harrituta nago horrelako herri txikia izanik zenbat gauza antolatzen diren Iruran. Mahaia izugarriko hauspoa da kultur jarduera sustatzeko. 

Nola koordinatzen zarete kultur mahai horretan?

I. Y.: Bilerak hilean behin antolatzen ditugu eta modu oso naturalean ematen dira. Ezer behartu gabe. Nik gehien estimatzen dudana da presio gabe aritzen garela. Askatasun hori sentitzeak izugarrizko lasaitasuna ematen dit. Arnas hori edukitzea beharrezkoa iruditzen zait ideia batek aurrera egin dezan. Eragile bakoitza ez dago zerbait antolatzera derrigortuta. Ez badu ezer antolatzen ez da ezer pasatzen.

G. M.: Eta kuriositatez, zerbait paradoxikoa pasa da pandemia garaian. Herri gehienetan kultur emanaldiak gutxitu badira, Iruraren kasuan alderantziz gertatu da. Kultur ekitaldi gehien antolatu diren hilabeteak izan dira hauek.

I. Y.: Uste dut nabari zela gogoa. Jendeak nahi eta behar zuen kultura, mugimendua eta herria elkartzeko okasioak ugaritzea.

G. M.: Agintariek jarri dituzten neurriek ere mesede egin digutela esango nuke. Mugikortasuna mugatuta egon denez, herriko jende asko bertan geratu eta gerturatu egin da antolatutako ekitaldietara. 

Zenbat eragilek hartzen duzue parte mahaian?

G. M.: Ametsa pilota elkartea, Irura Bizi, ikastola, haur eskola, Lats dantza taldea, Irura Moretuz, Eguzki Goxo abesbatza, Eguzki Txoko erretiratuen elkartea, Irurako Gazte Asanblada, odol emaileen elkartea, herriko tabernariak biltzen dira mahaian, udalarekin batera.

I. Y.: Nik esango nuke Irura oso herri irekia dela eta askotarikoa gainera. Ez duzu talde bezala antolatuta egon behar zure ekarpena egin ahal izateko. Nik, adibidez, udalean proposatu nuen maitasun irakurketa talde bat martxan jartzeko asmoa eta handik liburutegira eta kultur mahaira bideratu ninduten. Eta nik han sentitu dudana izan da taldearen babesa. Proposamena bota eta arin saiatzen gara ekitaldi hori egutegian txertatzen eta toki bat bilatzen. Nire bizipenetik oso erraza izan da taldean sartzea eta jarraitzera bultzatu nau babes horrek. Herria biltzeko eta harremanak egiteko toki bat da.

G. M.: Herriak berak duen erronka du kultur mahaiak. Irurara jende asko etorri da bizitzera, atzerritik bezala inguruko herrietatik eta mahaiak erraztu dezake hemengo bizitzarako sarrera. Belaunaldi artekotasuna ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Erretiratuekin batera gazte asanbladakoek parte hartzen dute kultur mahaian, esate baterako. Kontsumitzaile izatetik antolatzaile izatera pasa gara eragileak, antolakuntzan modu aktiboagoan ari gara parte hartzen. Aberasgarria da, horrek suposatzen duelako udalak antolatu dezakeenaz gainera, herri mailan gihar bat egongo dela etorkizunean kultura sustatzeko.

I. Y.: Gainera, koordinatuta egonik ekitaldi ezberdinak egun berean pilatu beharrean denboran banatzea ekartzen du mahaiak. Uste dut elkarri indarra ematen diogula kultur egitasmoetan aurrera egiteko. Taldean lan egiteak hori dakar. Udaletik antolatzen bada, badirudi goitik behera egiten ari garela gauzak, baina kultur mahaiak horizontal bihurtzen ditu kultur egitasmoak.

Zein balio du Iruran horrelako ekimen bat egoteak? 

G. M.: Besteak beste esango nuke orain arte kultur ekitaldiak data jakinekin lotuta antolatzen zirela. Urte osoan zehar zabaltzea ekarri du kultur mahaiaren jardunak. Orain hilero egoten dira ekitaldiak. Festetako eta beste urteroko ekitaldietarako diru sailak ezabatu gabe, udaletik diru partida bat jarri dugu kultur mahaiaren bitartez ekitaldiak antolatzeko. Tabernariak ere lagundu nahi izan ditugu eta uztailerako esate baterako, haiekin elkarlanean bi DJ emanaldi antolatuko dira. Elkar lagundu dezakegula ikusten dugu, denen mesederako baita herri biziagoa bat izatea. Jendea oso eskertuta dago.

I. Y.: Jendeak uste du herri txikiak itxiak direla. Nik ez dut hori batere nabaritu Iruran. Oso herri integratzailea da, aniztasuna agerian dago. Erraza da kanpotik iritsi eta gustura sentitzea bertan. Kulturan interes pixka bat edukiz gero, mahaian zeure burua eroso sentitzea erraza da.

Zein erronka ikusten dituzue aurrera begira?

G. M.: Orain arte gehienbat kultur ekitaldiak antolatzera mugatu gara. Baina etorkizunean hausnarketa prozesuak mahaitik abiatzea nahi genuke. Zein kultura mota eskaini nahi dugun herrian, zein gabezia dagoen azpiegitura aldetik, herriko beharrak zein diren aztertzeko gune bat izan daiteke Irurako Kultur Mahaia.

I. Y.: Iruditzen zait askotan kulturari buruz pentsatzen dugunean, erakusketak, museoak, dantza eta musika etortzen zaizkigula soilik burura. Iruran hori gainditzea ere lortu dugu, letretara zabaldu dugu maitasun irakurketen taldearen bitartez eta Pote Filosofikoa ere antolatu genuen herrian. Polita izan da bide berriak urratzea.

 

Erlazionatuak

Kultur taldeak, kultura gelditu ez dadin

Irati Saizar Artola 2021 eka 19 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!