Fatimetu Zenanen hitzaldiarekin hasi dute 'Sahara Libre' zikloa

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 8a, 11:58

Ostiralean eman zioten hasiera Sahara Libre zikloari Ibarran. Mendebaldeko Sahara: nondik gatoz, nora goaz hitzaldia eskaini zuen Fatimetu Zenan aktibistak kultur etxean.

Fatimetu Zenanen eskutik Mendebaldeko Saharako errealitatearen berri eduki zuten bertaratu zirenek. Hitzaldiak Saharar herria jasaten ari den informazio-blokeoa, neurri batean, salatzeko eta apurtzeko balio izan zuen. 

Zenanek egoera ulertzeko hainbat gako azaldu zituen: "Sahararrok bizi duguna, izatez, ez da krisi humanitario bat bakarrik. NBEren begien aurrean Marokok lapurtu egiten ditu saharar arrantza-, fosfato- eta petroleo-ustiapenak". Gatazkaren jatorria azaltzen ere saiatu zen hizlaria, haren hitzetan, krisi politiko "sakon eta luze" baten ondorioa da bizitzen ari diren krisi humanitarioa. 

Emakumearen rolaz ere aritu ziren eta Zenanek horrela borobildu zuen hitzaldia: "Emakume sahararra erresistentziaren sinboloa da gure borrokan". 

Antolatzaileek adierazi dute "gustura" daudela hitzaldiaren emaitzarekin eta herritarrek ere "harrera ona" egin diotela ekimenari. Zikloko hurrengo ekitaldia datorren ostiralean izango da: Haizearen egia filma proiektatuko dute kultur etxean, 18:00etan. Filmaren ondoren, solasaldia egingo dute Hassanna Aalia eta egileekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!