'Sahara libre' zikloa antolatu dute Ibarran, sahararrei ahotsa emateko

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 4a, 19:58

Bihar izango da lehen ekimena: Fatimetu Zenan Saharar Gaztedi Aktiboko kideak hitzaldia eskainiko du kultur etxean, 18:00etan; aurrez izena eman beharko da.

Ibarrako Udalak Sahara Libre zikloa antolatu du, gaia landu, herritarrak sentsibilizatu eta sahararrei ahotsa emateko. Egitarau bat prestatu dute eta egitasmoetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez: kultur etxera deituta, 943 670 399 zenbakira, edo mezua bat bidalita kultura@ibarra.eus helbidera.

Bihar emango zaio zikloari hasiera, hitzaldi batekin. Fatimetu Zenan Saharar Gaztedi Aktiboko kidea izango da hizlaria, eta kultur etxean eskainiko du, 18:00etatik aurrera. Agurtzane Arribilaga zinegotziak azaldu duenez, "nahiz eta 2.000 kilometrotara egon, uneoro hango albisteak eta hango errealitatea jarraitzen ari diren euskal herritarrei ahotsa ematea da asmoa". Hori horrela, Mendebaldeko Sahara: Nondik gatoz, nora goaz izeneko hitzaldia eskainiko du. "Nondik gatozen eta nora goazen azaltzeaz gain, hemendik zer egin ahal dugun ere kontatuko digu", zehaztu du Arribilagak.

Hurrengo hitzordua otsailaren 12an izango da. Haizearen egia filma proiektatuko dute, hassanieraz, euskarazko azpitituluekin. Ekain Albitek ekoiztu du 22 minutuko iraupena duen film laburra. Filmean erbestealdiaz, borrokaz, eta orokorrean saharar herriaren egoeraz hitz egiten dela aurreratu du zinegotziak. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dute filmaren egileek eta Hassanna Aaliak. "Aalia errefuxiatua da eta 10 urte daramatza Euskal Herrian; ahots interesgarria da entzuteko hau ere".

Egitaraua borobiltzeko, argazki muralen kale erakusketa bat jarriko dute martxoan zehar. Javi Julio argazkilariaren lanak baliatuko dituzte horretarako. "Bost panel handi jarriko ditugu, 3 metro zabalean eta 2 luzean; Julioren bost argazki aukeratuko ditugu, emakumeen begirada islatzen dutenak eta bederatzi zatitan moztuko ditugu, mosaiko baten moduan jartzeko", azaldu du Arribilagak. Herritarren partaidetzarekin egin nahi dute ekimena, eta eragileekin harremanetan jarriko dira, "interesa dutenekin batera erakusketa osatzeko". Irudi erraldoi horiekin, herritarrak "gaiaren inguruan sentsibilizatu" nahi dituzte.

Sakonago lantzeko

Donostian izandako solasaldi batean ezagutu zituzten Sahara Gazteria Aktiboko kideak Ibarrako Udaleko ordezkariek. "Interesgarria iruditu zitzaigun beraien lana; erreferenteak iruditu zitzaizkigun", esan du Arribilagak.

Azaroan Saharan gertatuak "odola izoztu" ziela ere esan du. "Herrian ditugun sahararrekin hitz egin genuen eta egoera hau nola bizi duten kontatu ziguten; batzuek esan zuten Saharara bueltatzeko asmoa zutela gerrara eta emakumeekin ere hitz egin genuen; hortik jarri ginen harremanetan Fatimetu Zenanekin". Udalak "esku bat bota" nahi izan dio kolektiboari, "kontzientzia eta ahotsa eman nahi genien beraiei". Hitzaldi solte bat egin beharrean, "zerbait sakonagoa" egitea pentsatu dute, ziklo bat proposatuz.

EGITARAUA

Otsailak 5, ostirala
18:00etan, Ibarrako kultur etxean. Fatimetu Zenanen eskutik hitzaldia: Mendebaldeko Sahara: Nondik gatoz, nora goaz.

Otsailak 12, ostirala
18:00etan, Ibarrako kultur etxean. Haizearen egia filmaren proiekzioa. Egilea: Ekain Albite. EH/Aljeria. Ondoren, solasaldia Hassanna Aalia eta egileekin.

Martxoan zehar
Kale erakusketa. Mendebaldeko Sahara, emakumeen begirada. Javi Julioren argazki muralak herritarrek osatuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!