"Oso ondo, pozik dago"

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 12a, 12:45

Atzo iluntzean geratu zen aske Maite Aranalde ibartarra Madrilgo Soto del Real espetxetik, badaezpadako neurriekin, epaiketaren zain. Haren aitak Jokin Aranaldek azaldu du "oso ondo, pozik" daudela alaba etxean delako.

19:30ak aldera geratu zen aske Madrilgo espetxetik. Ibarratik hiru autotan joanak ziren senitartekoak eta lagunak Aranalderen bila, eta elkartu zirenean "une oso hunkigarria" bizitu zutela kontatu du Jokin Aranaldek: "Sentimendu asko batu ziren".

Ibarrarako bidea hartu zuten, eta goizaldeko 02:00ak aldera iritsi ziren plazara. Herritar asko zituztela zain azaldu du Aranaldek: "Jende asko gerturatu zen, eta hori 02:00ak zirela. Besarkadez hartu zuten, eta jendea gu bezala oso pozik zegoen. Asko eskertzen da, indarra eta maitasun asko ematen du horrek, eta guztiaren beharra izango du une honetan Maitek". Ibartarra "oso ondo" dagoela adierazi du Jokin Aranaldek, baina hori bai, "guztia asmiliatu arte denbora beharko du, oreka bilatu behar du, hainbeste urtetan espetxean egon eta gero kalera irtetea gogorra baita". Maite Aranaldek 36 urte ditu, eta 17 urte egin dituela herritik kanpo gogoratu du bere aitak.

Hemendik aurrerako bere egoerari dagokionez, epailearen aurrean aurkeztu beharko du Aranaldek, epaiketaren zain dagoen bitartean: "Astero edo bi astez behin, hori ez dakigu ziur oraindik, eta Espainiatik ateratzeko debekua ere ezarria diote". Epaiketa egingo diotenik ere ez dute argi: "Artxibatuta geratu daiteke bere aurkako salaketa". Baina, bitartean, "zama" horrekin egon beharko duela gehitu du Jokin Aranaldek: "Abokatuarekin ez dugu hitz egin eta oraindik ez dakigu ziurtasunez bere egoera nolakoa den, baina, urteak igaro ditzake epaiketaren zain".

Maite Aranalderen familiak espero zuen aske geratuko zela, abokatuak haren aurkako frogarik ez zegoela zioelako: "Aske geratzeko aukerak ikusten zituen abokatuak. Hori bai, kontuan hartu behar da Espainiako justizia Espainiako justizia dela. Badira nahiko inpartzialki jokatzen duten epaileak, baina, orokorrean, justizia espainolarekin ez duzu ziurtasunik gauzak txukun eta normaltasunez joango direla. Ez da justiziaren inpartzialtasunaren bermea ziurtatzen duen estatua", dio Jokin Aranaldek.

Atzo lehen harrera egin zioten herritarrek Ibarrako plazan, eta datozen egunetan harrera zabalagoa egitea espero dute: "Pentsatzen dut herritarrek harrera lasai eta zabala egin nahiko dietela".

Erlazionatuak

Maite Aranalde aske geratu da

Tolosaldeko Ataria 2019 mar 11 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!