Maite Aranalde ondorengo orduetan aske geratuko da

Ataria 2019ko martxoaren 11

Abokatuak baieztatu dio albistea familiari. "Bere aurkako frogarik ez dagoela" azaldu dute senideek

Maite Aranalde 2018ko irailaren 20an Espainiaratu zuen Frantziak. Ibartarraren aurka hiru euroagindu zabaldu zituen Espainiako justiziak. "Horietatik bi bertan behera geratu ziren, eta hirugarrena aztertzen ari ziren une honetan", azaldu du familiak. "Instrukzio fasea zeuden, frogak biltzen fiskalari aurkezteko, baina abokatuak esan digunez, ez dago Maiteren aurkako frogarik eta ondorengo orduetan aske geratuko da", gaineratu dute. Aukera horren jakitun zirela ere esan dute senideek, "nahiz eta Espainiako justiziarekin gauzak diren bezala izaten diren; arriskuak ere ikusten genituen. Beldur handia genuen, gauzak beste era batera joango ote ziren, baina aldi berean, esperantza ere bagenuen". 

Hasiera batean gaur edo bihar eguerdian aske geratuko zela esan die abokatuak senideei, baina ondoren, Soto Del Realetik gaur bertan kaleratuko dutela jakinarazi die. Senideak Madrileko bidean dira une honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!